"Euskal Herriko Itzulia izango da denboraldiko helburu nagusia"
Ziklo-kroseko Euskal Herriko txapela jantzi zuen Ion Izagirrek Tolosan Urtezahar egunean, eta herenegun bigarren izan zen jaioterrian, Gipuzkoako txapeldun ateraz. Ormaiztegiko karreraz eta errepidean dituen helburuez hitz egin du.
Nolakoa izan da lasterketa?
Gogorra. Lokatz asko zegoen eta oso lasterketa teknikoa izan da. Hala ere, herrian lasterka egitea beti da plazer bat.
Zer moduz ikusi duzu zure burua etxeko proban?
Teknikoki oso pattal aritu naiz. Jaitsiera handi horretan hiru bat aldiz erori naiz. Nire buruarengan konfiantza galdu dut eta ez naiz oso zentratuta ibili.
Urtezahar egunean Tolosan Euskal Herriko txapela jantzi zenuen.
Ormaiztegikoarekin alderatuta, Tolosako lasterketa oso ezberdina izan zen. Pista lehorrean jokatu zen eta ez zen lasterketa batere teknikoa izan, eta ondorioz, baldintzak egokiagoak izan ziren niretzat. Hemen, lokatzak lasterketa oso tekniko bihurtu du, eta hortxe nire gabeziak ikusi dira.
Errepidean zeintzuk dira denboraldi berrirako dituzun helburu nagusiak?
Helburu nagusia Euskal Herriko Itzulia izango da. Paris-Niza eta bestelako lasterketa batzuk ere baditut tartean, baina denboraldia Itzulian zentratuta hasiko dut. Gero, noski Frantziako Tourra ere bai.