Kloro isuriagatik erietxera eramandako guztiak etxean daude dagoeneko
Eguerdian kiroldegiko eremu hezean neurketa egingo dute suhiltzaileek, eta horren arabera erabakiko da arratsalderako igerilekua, sauna eta aldagelak irekitzeko moduan dauden.
Atzo Majori kiroldegian gertatutako kloro isuriagatik erietxera eraman zituzten pertsona guztiak etxean daude dagoeneko, onik. Gaur 8:00etan suhiltzaileek neurketak egin dituzte kiroldegian, eta bertako eremu lehorra irekita eta erabilgarri dago. Eremu hezea gaur irekiko den, aldiz, eguerdian erabakiko dute.
Goizeko neurketekin “uste baino emaitza hobeak” lortu direla azaldu du Adur Ezenarro Ordiziako alkateak. “Salbuespena eremu hezea da, igerilekua, sauna eta aldageletakoa. Oraindik kloro trazak hartu dituzte. Ez dira oso altuak baina oraindik itxita egongo da”. Gimnasioa eta eremu lehorreko beste instalazioak 9:30ean ireki dituzte. 11:00etatik aurrera, aldageletan utzitako gauza jasotzera joan daitezke herritarrak.
Isuriaren zergatia oraindik ez dakite zehazki, soilik hodi haustura bat egon dela. “Ez da isurketa izan, berez. Kloroa eta azidoa erabiltzen dira Ph-a kontrolatzeko, eta biak ezin dira elkartu, erreakzio kimikoa izaten delako. Hori gertatu da, eta horrek eragiten du horrelakoetan kloro isurketa”.
Eguerdian, beste neurketa bat egingo sute suhiltzaileek, eta horren arabera erabakiko da eremu hezea irekiko duten ala ez. Emaitzen arabera, ikastaroak eta jarduerak martxan jarriko dira. Atzoko egoeraren ondorioz, zazpi pertsona artatu zituzten larrialdi zerbitzuek, eta badaezpada erietxera eraman zituzten behaketara. “Gehien bat izan zen igerilekuan zeuden pertsona horiek atera behar izan zutela soinean zutenarekin, eta aparkalekuan egon ziren. Altamirara bideratu genituen eta anbulantzietan artatu zituzten 7 bat pertsona. Behaketara igotzea erabaki zen. Horietatik 6 gauerdirako etxean zeuden, eta gaua pasatzen geratu zen mantentze lanetako langilea. Gaur goizean alta eman diote, eta denak etxean daude, onik”.