Pilotaren lehena, oraina eta etorkizuna, Ederrenan
Larunbatean Gabon Kopa txapelketako finala jokatu ziren Urretxuko Ederrena pilotalekuan. Goierri kirol elkarteren pilota sailak antolatutako txapelketa honetan 112 pilotarik parte hartu dute.
Pilotazaleak lasai egon daitezke: pilotak etorkizun oparoa du Goierri garaian. Larunbatean Goierriren pilota sailaren Gabon Kopa txapelketako finalak jokatu ziren eta harmailetan elkartu ziren ehunka zaleek partida bikainak ikusi zituzten.
Txapelketa horretan Goierriren pilota eskolako eta inguruko herrietako pilota eskoletako 112 pilotarik parte hartu dute. 131 partida jokatu dira guztira. Larunbatean zortzi jokatu ziren. Aurrebenjamin B finalean, Goierri pilota eskolako Aiur Anduezak, Adei Telleriak eta Arnaizek 16 eta 14 irabazi zieten Goierriko Unax Madina eta Jon Altzelairi.
Benjamin B finalean, Legazpiko Gazteak pilota eskolako Markel eta Urrek 16 eta 12 irabazi zieten klub bereko Xuhar eta Ibairi. Kimu mailako B finalean, Legazpiko Gazteakeko Aiert eta Aimarrek 16 eta 12 irabazi zieten Goierriko Enrique eta Ruizi.
Aurrebenjamin mailako final nagusian, Arbizuko Mattin eta Aratzek 16 eta 15 irabazi zieten Goierriko Oihan Murua eta Pau Zufiaurreri.
Benjamin mailako A finalean, Goierriko lau pilotarik neurtu zituzten indarrak. Pablo Mendizabal eta Oier Asurabarrenak 16 eta 14 irabazi zieten Manex Cruz eta Oihan Chefradi.
Kimu mailako final nagusian, Legazpiko Gazteak pilota eskolako Ager eta Eñautek 16 eta 15 irabazi zieten Beloki pilota eskolako Marko Gorjon eta Josu Mendizabali. Haur mailako finalean, Azkoitiko Oier Juaristi eta Peio Alkortak 16 eta 13 irabazi zieten Aretxabaletako Markel Alarzia eta Egoitz Ibaberi.
Bukatzeko, senior mailako finalean, Julen Armaoleak eta Joanes Izagirrek 16 eta 10 irabazi zieten Beñat Leunda eta Oier Plazaolari. Larunbateko festan pilotaren lehena, oraina eta geroa uztartu zituzten. Senior mailako pilotariek partida polita jokatu zuten eta txikienek gogor entrenatuta noraino iritsi daitezkeen ikusi zuten.
Erakusketa
Antolatzaileek garai bateko pilotariak ere gogoratu zituzten. Izan ere, abendu hasieratik Urretxuko eta Zumarragako pilotaren historiari buruzko argazki erakusketa ikus daiteke Ederrena pilotalekuko tabernan.
Goierriren artxiboko 20-bat argazki atondu dituzte, Urretxuko Udalaren laguntzarekin. Azken 60 urteetako argazkiak ikus daitezke: 1964. urteko Gipuzkoako finala, 1968. urtean Urretxuk jokatutako Herriarteko Txapelketako finala, Zumarragak irabazitako lehen Herriarteko Txapelketa, emakumeak, profesional mailara iritsitakoak…
Katea ez da eten. Horren erakusle da ere Goierriren pilota sailean egondako aldaketa: Pedro eta Beñat Ibañez aita-semeek Xabi Erostarbe, Mikel Antia eta Asier Oliveirari pasa diete lekukoa. Klubak eskerrak eman nahi dizkie Ibañez aita-semeei urte hauetan guztietan egindako lanagatik.













