Urte berria, 'Goiberri' berria
'Goiberri' aldizkariak itxura aldatu du urte berriarekin batera. Asteko gai nagusiak protagonismoa irabazi du azalean eta gai eta iritzigile berriak ditu barnean. Webgunea ere berritu du, 'goiberri.eus' domeinuari eutsiz.
Goiberri aldizkariak itxura aldatu du 2023an. Lau orri gizenagoa izango da aurrerantzean. Ondorioz, atal berriak ditu. Eskualdera egokitutako denbora pasak dakartza orain, besteak beste. Gainera, ondo osatzen dutenen artean sariak zozkatuko dira. Era berean, ilustratzaile edota idazle goierritarrentzako plaza izango da aurrerantzean; Goiberri-ko museo sareak dibulgazio lanak egingo ditu; eta agenda sakonagoa izango da.
Iritzigileen zerrenda ere berritu dute Goiberri-ko arduradunek. Azken bi urteetako kolaboratzaile batzuk utzi egin dute, trukean. Aldizkariaren arduradunek guztien lana eskertu dute.
Atal gehiago eta berriak izateak azalean ere izan du eragina. Paradoxikoki, letra gutxiago dago, ordea, asteko gai nagusiak protagonismoa irabazi duelako. Elkarrizketa luze zabalak eta erreportaje mamitsuak txandatuko dira, orain arte bezala, eta horiek eramango dira portadara. Zuriuneak kendu gaiaren edo protagonistaren argazkiak orria osotasunean hartuko du.
Martxoan hiru urte beteko dira Goiberri-k azken itxuraldaketa egin zuenetik. Aldizkari gaurkotuagoa, serioagoa eta erakargarriagoa egiteko baliagarria izan dela iritzi duenez zuzendaritzak, beste urrats bat eman du, irakurleari informazio gehiago eta jantziagoa eskaintzeko helburuarekin.
‘Goiberri.eus’
Goiberri digitalean ere berritu da, analogikoan edo papereko bertsioa aldatzeaz gain. Azalean atal gehiago du atari berriak, multzoka antolatua, irakurleak begi kolpe bakarrean titularra identifikatu dezan. Domeinua orain artekoa da: goiberri.eus.