Idiazabalen hasiko da etzi euskal pilota egokituko XIII. txapelketa
Gipuzkoa mailako txapelketa izango da. Inoizko parte hartze handiena du txapelketak 30 pilotarirekin. Arratibel ataundarra eta Elkoro beasaindarra goierritarren ordezkari
Larunbat honetan emango zaio hasiera Gipuzkoako XIII. Euskal Pilota Egokituko txapelketari Idiazabalen. Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioak antolatu du txapelketa beste behin, Gipuzkoako Pilota Federazioaren, kirol elkarteen eta hainbat udalen laguntzarekin. Mikel Merino Kirol Egokituen Federazioko kideak esan duenez, «inoizko parte hartzerik handiena» izango du aurten txapelketak; 30 pilotarik hartuko baitute parte guztira.
Txapelketa bi kategoriatan jokatuko da: «Adimen urritasuna eta gurpildun aulkian», buruz buru eta bikoteka. Guztira zortzi saio izango dira: Idiazabalen (etzi), Billabonan (urtarrilak 18), Araman (otsailak 24), Oñatin (martxoak 18), Zarautzen (apirilak 1), Donostian (apirilak 22), Mutrikun (apirilak 29) eta Tolosan (maiatzak 20). Buruz buruko finala Oñatin jokatuko da eta bikotekakoa Tolosan.
Bi goierritar 30en artean
Parte hartuko duten 30 pilotarien artean bi goierritar izango dira: Josu Arratibel ataundarra, adimen urritasuna kategorian, eta German Elkoro gurpildun aulkiarenean. Biek Idiazabalgo kanporaketan parte hartuko dute etzi. Hilario Olano, Leire Esnal eta Luis Zulaika pilotariak ere izan ziren atzoko aurkezpenean. Guztiek adierazi dute txapelketa hasteko irrikaz eta irabazteko asmoz daudela esan zuten. Esnalek bere aldetik, emakumeen parte hartzea sustatzeko beharraz hitz egin zuen: «Gero eta gehiago gara, baina emakumeak parte hartzera animatuko nituzke».
Hirugarren urtez egingo da Idiazabalen pilota egokituko txapelketako saio bat —iaz finala jokatu zen bertan—. Iñaki Alberdi Idiazabalgo alkateak adierazitakoaren arabera, «kirol hau ikustarazteko aukera ematen du txapelketak eta gainera sortzen den giroa oso berezia izaten da». Horregatik, datozen urteetan ere txapelketa herrian hartzeko prestutasuna adierazi du, eta larunbatean (10:00etan) Igarondora joateko gonbita luzatu du.
Ilusioz jarraitzeko gogoa
Kirol Egokituen Federazioak bidelagun izan du beti Gipuzkoako Pilota Federazioa, eta horren erakusle atzoko aurkezpenean izan zen Juan Carlos Etxeberria Gipuzkoako Pilota Federazioko zuzendari teknikoa. Etxeberria pozik agertu zen urtetik urtera «parte hartzaileen kopurua» haziz doalako, «gero eta pertsona aktibo gehiago» dagoen seinale. Urratsak ematen ari direla eta «laster», Euskal Herri mailako txapelketa antolatzeko desira adieraziz amaitu zuen.












