Hasteko, hamar proposamen
Igartza musika zikloak urteko lehen seihilabetekoan hamar musika proposamen ekarriko ditu. Saioa Goñik, Luken Munguirak eta Sofia Chaconek irekiko dute
Beasaingo Udalak Igartza Musika Programaren lehen sei hilabeteko egitaraua aurkeztu zuen atzo, Igartzako Jauregian bertan, kultura eta musikaren aldeko apustu «sendoaren» konpromisoari eutsiz. Leire Artola alkateak nabarmendu zuenez, «goren mailako hamar musika proposamen» izango dira urtarrilaren 22an hasiko den programazioaren barruan. Gainera, gogoratu zuen saio guztiak doakoak izango direla. Igartza zikloan antolatutako 119 kontzertuetan 15.000 ikusle elkartu direla azpimarratu zuen.
Bi goierritarren ekimenez sortutako proiektua da Popatik proiektu poetiko-musikala. Ekaitz Goikoetxea bertsolari eta idazle beasaindarra eta Xabier Crehuet musikari ordiziarra dira sortzaileak, eta Aingeru Mayor ere bidelagun dute. Popatik proiektuak duela gutxi ikusi du argia -2022 urte hasieran aurkeztu zuten-, baina dagoeneko Euskal Herriko hainbat txokotan dabiltza maitatzea berentzat zer den kontatuz. Maitasun mota askoz hitz egiten dute eta guztiak aldarrikatu eta bistaratu nahi dituzte. Disko bat ere kaleratu du, Maitatzeari izenburupean, hirukotearen filosofiaren isla dena. Bertan zuzeneko emanaldirako prestatutako abestiak jaso dituzte. Popatik taldearen kontzertua, Igartza jauregian izango da, urtarrilaren 29an , igandea, 19:00etatik aurrera.
Igartza musika zikloaren egituraren barruan bertako musikariei tokia ematea izan da helburu nagusietako bat. Hala, txistuak izan duen eta gaur egun duen garrantzia balorean jartzeko lan egin dute, lehenen ediziotik, txistulari talde ezberdinei tokia eta ahotsa emanez; Beasaingo Txistularien taldea, Tolosako udal banda, Donostiakoa eta Bilbokoa daude partaideen zerrenda luze horretan. Aurtengoan, Iruñako Txistulari Banda gonbidatu dute. Iruñakoa, txistulari banden artean zaharrenetakoa. Kontzertua, otsailaren 12an izango da, 12:00etan, Igartzan.
Mikel Azpiroz piano jotzaileak ibilbide oparoa du. Kolaborazio asko egin ditu, sona handiko taldeekin; Duncan Dhu eta Elkano browning cream taldeekin, besteak beste. 20 bat diskotan parte hartu du, eta bere produkzio propioa ere badu Azpirozek. Musika modernoa egiten du, jazz-a eta pop-a uztartzen ditu, batik bat. Bere azken lana, Islak izenburupean argitaratu zuena, 2021 urtean ikusi zuen argia, eta doinu bare lasaiez osatuta dago. Gaua eta Zuri pianoz bakarrik, bere aurreko diskoen ildotik, bederatzi konposizio propioko bilduma bat da azkena ere, melodietan estilo aberats eta dotorea sintetizatzen duen hizkuntza bat sortuz. Beasainen, otsailaren 26an, igandean, izango da. Igartzako jauregian egingo du kontzertua, 19:00etan.
Martxoak 8, Emakumearen Nazioarteko Egunaren harira, Anari azkoitiarra izango da Igartza musika zikloan. Musikari berezi bat bada Euskal Herrian, hori da Anari. Ibilbide oparoa du, eta horregatik hain zuzen ere jaso zuen Adarra saria, 2018 urtean, Donostiako Udalaren eskutik. Anarik, martxoaren 10ean, ostirala, emango du kontzertua, igartzako jauregian, 20:30ean.
Zikloak, musika aniztasuna sustatzea du helburu, horregatik, musika estilo guztiei eta toki guztietakoei lekua egiten die. Aurkezpenean nabarmendu zuten moduan, Euskal Herriko musikarientzat erakusleihoa da eta, nola ez, beasaindarrena ere. Loinatz abesbatzak emanaldia egingo du. Erromantizismoan kokatutako kantu sorta bat eskainiko du. Martxoaren 26an izango da, Igartzako jauregian.
Beasaingo Udalak, Musikenerekin elkarlanean, Igartza Musika Beka ematen du, eta 2022 urteko onuradunek, kontzertua emango dute. Gradu bekaren irabazlea, Adrian Rescalvo Garcia kontrabaxu jotzaile valentziarra, eta master bekaren irabazlea, Nerea Azkona Galarraga harpa jotzaile donostiarra izango dira. Martxoaren 26an, igandea, izango da hitzordua, Igartzako jauregian, 19:00etan.
Batura zikloa ekimen aitzindaria da bere generoan; izan ere, euskal musika klasikoa nazioarteko errepertorioarekin batera kokatu nahi du. Josu Okinena piano jole donostiarraren ekimena da, euskal musikak beste zirkuitu batzuetan sartzeko aukera emateko. Aurten, euskal musika eta emakumeak lantzen ari dira ziklo horren barruan, Sugaar Emsemblek, Beatriz Artzamendi arrasatearraren, Uxue Ricon andoaindarraren eta Eba Ugalde donostiarraren konposizioak joko dituzte, besteak beste. Kontzertua, apirilaren 23an izango da 19:00etan, Igartzako jauregian.
Isidro Larrañaga akordeoi orkestrak ere parte hartuko du aurtengo programazioan. Mota honetako orkestra baten lehenengo parte hartzea izango da. Ibilbide zabala duen taldea da; atzerrian eta Euskal Herrian kontzertu ugari emandakoa. Maiatzaren 13an, larunbata, izango da kontzertua, Gernika pasealekuko frontoian, 19:00etan.
Erritmo dantzagarriekin amaituko dute seihilabetekoa. Makulu Ken taldeak Afrikan sortutako erritmoak uztartzen ditu. Udan sartzeko egun gutxiren faltan, ekainaren 15ean, osteguna, izango da, Erauskin Plazan, 19:30ean.
Udako etenalditik bueltan zikloak jarraipena izango du, beste horrenbeste saiorekin.













