Joseba Irazoki eta Pettiren kontzertua, Ordizian otsailaren 2an
Urte berria hasi ahala, Ordiziarrock jaialdia geroz eta gertuago dago. Ordiziarrock musika jaialdiaren 20. edizioa izango da aurtengoa. 2023ko edizioari begira jarri dira Ordiziarrock Ekintzetaeko antolatzaileak dagoeneko, eta lehenengo bi kontzertuak antolatu dituzte. Otsailaren 2an, Joseba Irazokik eta Pettik joko dute, D’elikatuz zentroan, 19:00etatik aurrera.
Joseba Irazoki eta Lagunak & Petti lana aurkeztuko dute Ordizian Berako musikariek. Abenduaren 2an kaleratu zuten, Bonberenea Ekintzen eskutik. Lau abestiz osatutako argitalpena da, eta bakoitzak bi kanta grabatu ditu. Rock psikodelikoa egin dute bien artean. Irazokik Lagunekin grabatu ditu kantak, ohi bezala: Felix Buff bateriarekin, Jaime Nieto baxuarekin eta Ibai Gogortza gitarrarekin. Pettik, berriz, Sergio Gonzalez bateriarekin eta Karlos Osinaga baxu eta txeloarekin.
A aldean, Joseba Irazoki eta Lagunen Azken aldia eta Luka kantak daude, eta B aldean, aldiz, Pettiren Gerra bakoitzaren ondoren eta Dirdira hori. D’elikatuzen, kaleratu berri duten lan horren zuzenekoa entzuteko aukera izango dute herritarrek hurrengo astean.













