Urtarrileko azken ostiraleko mobilizazioa, 20:00etan, plazan
Etxerat-ek eta Sarek deituta, presoen eskubideen aldeko urtarrileko azken ostiraleko mobilizazioa egingo dute gaur Ordiziako plazan, 20:00etan. Urtarrilaren 7an Bilbon egindako manifestazioan parte hartu zuen «euskal gizartea zoriondu» nahi dute, haiei esker «mobilizazioa arrakastatsua» izan zelako. Manifestazio horrek emandako «bultzada aprobetxatuz» ekingo diete gaurko mobilizazioei, antolakundeek ohar baten bidez adierazi dutenez. «Kalean milaka lagunek manifestatzeko deiari emandako erantzuna izan zen Bilbokoa eta horrek argi erakusten du preso, erbesteratu eta deportatuen etxerako bidea zeharkatzeko unea iritsi dela eta herri mobilizazioa, berriro ere, ezinbestekoa izango dela».
Euskal Herriko herri eta plaza gehienetan egingo dira elkarretaratzeak salbuespen neurrien amaiera eta indarkeriaren biktima guztiekiko errespetua eta tratamendu bera eskatzeko. «Ez dira onurak, ez gara zigorgabetasunaz ari». Oharrean diotenez, lau presotik ia hiruk bete dute hirugarren gradua lortezko legediak eskatzen duen espetxealdia. «17 presoek gaixotasun larri edo sendaezinak pairatzen dituzte. 70 presoek 20 urte baino gehiago daramatzate espetxean, horietako batzuk 30 urte baino gehiago». Etxera Bidea Gertu lelopean, azken urteetan bezala Euskal herritik lanean jarraituko dute, «etxerako bidea legeak dioenaren arabera gauza dadin».












