Andoni Aizpuru, Eli Gorrotxategi eta Juantxo Unanua ohorezko kide izendatu ditu Odolkiaren Kofradiak
Andoni Aizpuru, Eli Gorrotxategi eta Juantxo Unanua ohorezko kide izendatu ditu Odolkiaren Kofradiak gaur, Loinazko San Martin eguneko egitarauaren barruan egin duten kapituluan.
Loinazko San Martin egunean garrantzia berezia hartzen du Beasaingo Odolkiaren Kofradiak eta gaurkoan ere hala izan da. Kofradiarentzat berarentzat ere oso egun berezia da, izan ere, beste kofradia batzuetako kideekin elkartzeko eguna izaten da eta ohorezko kide izendatzen dituzte herriko eta inguruko zenbait pertsona ezagun, egindako ekarpena dela eta.
Aurten Andoni Aizpuru, Eli Gorrotxategi eta Juantxo Unanua aukeratu dituzte ohorezko kide izendatzeko eta goizeko 12etan San Martin plazan egindako ekitaldian. Leire Artola alkateak ere parte hartu du ekitaldi honetan, herritarrei eta kanpotik etorri diren kofradietakoei egun ona opaz eta egun honek beasaindarrentzat duen garrantzia azpimarratuz. Ondoren, ohorezko kideak aurkeztu dituzte.
Andoni Aizpururen ibilbidean euskalgintzari egindako ekarpena eta euskal telebistan horrenbeste urtetan izan duen papera azpimarratu dituzte besteak beste. Aski ezaguna da Aizpuru Euskal Herri osoan. Aipatu duenaren arabera, «ilusioz» hartu zuen izendapena emateko proposamena duela pare bat hilabete eta gaurkoan «pozez» etorri da Odolkiaren Kofradiaren gonbidapena eta proposamena onartuz.
Eli Gorrotxategi artzain eta gaztagile modura duen arrakastarengatik izan da izendatua. Urteak daramatza Ilarduiako (Araba) La Leze gaztandegian bizitzen eta lanean, baina pertsona ezaguna da Beasainen eta inguruan. Gorrotxategiren hitzetan, «ohorez» hartu du izendapena eta «oso gustura eta eskertuta» joan da gaurkoan ekitaldira
Juantxo Unanua El Diario Vasco egunkarian Beasaingo kronika idazten zuen kazetaria da eta urte askoan zehar egin zuen lan horri aitortza egite aldera izan da gaurkoan ohorezko kide izendatua. Mikrofono aurrean trebe aritu da hizketan, familian odolkiarekin izan duten harremanaz.
Ohorezko kideei diploma eta eskapularioa eman dizkiete eta hauek, zin egin dute «ohorez» hartuko dutela izendapena.