Loinazko San Martin egunean kofradiak eta odolkia erdigune
Loinazko San Martin eguna ospatu dute beasaindarrek eta urtero legez, txoko desberdinetako hainbat kofradia elkartzen dira Odolki Kofradiak eta Udalak antolatutako egitarauaz gozatzeko. Aurten 25 izan dira gerturatu diren kofradiak.
Otsailaren 5a ondo borobildua dute egutegian beasaindarrek, izan ere, herriko patroia den Loinazko San Martin eguna ospatzen dute. Aurten ere, beste urte batez, Odolki Kofradiak eta Udalak egun osoko egitaraua antolatu dute. Txoko desberdinetako zenbait kofradia batzen dira beasaindarrekin egun hau ospatzera eta gaurkoan, 25 izan dira parte hartu dutenak. Antolatzaileek aipatu dutenaren arabera, beste urteetan baino kofradia gehiago elkartu dira gaurkoan eta «pozik» zeudela lortutako emaitzarekin esan dute.
Goizeko 10etan eman diete hasiera egitarauari, ohiko desfilearekin. Igartzatik abiatu eta Andre Mariaren Jasokundearen elizan amaitu dute. Desfilea girotzeko herriko musikariak izan dituzte, hau da, Beasaingo Loinaz musika eskolako banda eta Goizeresi txistulari taldea. Hauen atzetik kofradia guztiak joan dira eta horrez gain, udaleko ordezkariak ere bertan izan dira. Desfileak geldialdia egin du gaurkoan ere Loinazko San Martin estatuaren aurrean, ‘agurra’ eskaini eta lore-sorta bat jartzeko.
Behin Andre Mariaren Jasokundearen elizara iritsita, meza izan dute. Ondoren, San Martin Plazara jaitsi dira eta bertan zenbait ekitaldi, aipamen eta abar egin dituzte, plazako eskaileretako ohiko argazkia ateratzeaz gain.