Aurtengo larrealdirako zazpi txabola geratu dira libre Enirio-Aralarren
Arritzaga, Ariñate-1, Intzentsao-1, Pagabe-2, Pardeluts 1 eta 2, eta Zotaleta-2 dira txabolak. Bakoitzean 500na buruko artaldea erabil daiteke. Martxoaren 14ra arte aurkez daitezke eskaerak.
Doniturrieta-Garakoa txabola, Aralarren.Iñaki Gurrutxaga Enirio-Aralarko lur mankomunatuetan zazpi artzain txabola geratu dira libre. Maiatzaren lehenean hasiko den 2023ko larrealdiari begira, horiek erabiltzeko eskaintza, deialdia eta baldintzak argitaratu ditu mankomunitateak.
Emakida edo kontzesioa bukatu ondoren, honako txabolak daude erabiltzeko irekita: Arritzaga (205 euroko kanona du), Ariñate-1 (205 euro), Intzentsao-1 (205), Pagabe-2 (172), Pardeluts 1 (172), Pardeluts-2 (83) eta Zotaleta-2 (172).
Bakoitzarentzat finkatutako kanonaz gain, erabiltzaileak 300 euroko bermea ere jarri beharko du, kasu bakoitzean. Gehienez, 500 buruko artaldea erabil daiteke txabola bakoitzaren saroietan –Pardeluts-1ean salbu, hor 600ekoa baita gehieneko kopuruaren muga–.
Enirio-Aralarko Mankomunitateak 2017an onartutako Larre eta Txabolen Ordenantzaren arabera arautuko dira erabilerak eta esleipenak. Gozamenduari dagokionez, jabari publikoko ondasunen erabilpen pribatiboa izango du kontzesioak. Hamar urterako esleituko dituzte.
Hogei eguneko epea
Libre geratu diren txabolak erabiltzeko interesa dutenek martxoaren 14ra arteko epea daukate eskaerak aurkezteko. Atzo argitaratu zuen Mankomunitateak iragarkia GAO aldizkari ofizialean.
Lehiaketa bidez izendatuko dituzte txabolak. Proposamenak Ordiziako udaletxeko idazkaritzan edo postaz aurkeztu behar dira, hogei egunotako epean, 09:00etatik 13:00ak bitartean.













