Martxoaren 8aren inguruko egitaraua aurkeztu dute udalak eta eragileek
Leire Artola alkateak nabarmendu du «berdintasunaren alde, elkarlana beharrezkoa» dela. Lehiaketa, musika, erakusketa eta elkarretaratzea izango dira, besteak beste.
Martxoak 8 Emakumeen Nazioarteko Egunaren bueltan Beasaingo Udalak ekintza desberdinekin egitaraua antolatu du. Leire Artola alkateak nabarmendu du «herriko eragileekin» antolatutako egitaraua dela. Aurkezpena baliatu du Beasaingo Udalak «gizonen eta emakumeen arteko berdintasunaren alde lanean jarraituko» duela, eta bide horretan, «elkarrekin joatea beharrezkoa» dela nabarmentzeko.
Amets Arrospide Beasaingo Udaleko berdintasun zinegotziak hartu zuen hitza jarraian. Egitaraua aletzen hasi aurretik, ekitaldi guztien helburua «sentsibilizazioa» dela azpimarra egin zuen.
Hamar ekintza
«Ia hilabete osorako ekitaldiak izango ditugu Martxoak 8aren inguruan», iragarri zuen Arrospidek. Hamar ekintza desberdin izango dira, «publiko guztientzat».
M-Lehiaketa, gaur bertan abiatuko da, udal euskaltegiaren ekimenez. Aurtengo gaia, Emakume margolariak izango da. Sare sozialen bidez galderak egingo dituzte eta galdera zuzen guztien artean bi sari banatuko dituzte; bata euskaltegiko ikasleen artean, eta bestea, publiko orokorraren artean. Sari banaketa martxoaren 8an egingo dute, Euskaltegian, 17:00etan.
Emakumeak eta lihoa Euskal Herrian erakusketa, Asmube elkartearen ekimena izan dena, martxoaren 2tik 19ra ikusgai egongo da, Igartzako jauregian. Asmubeko Ana Aslak azaldu duenez, kolaboratzaile «garrantzitsuak» izango dituzte erakusketa prestatzeko: Amarenak, Olga Uribe, Tytti Thursberg, Birte Kurth, Maran Garmendia, Karmen Garin eta David Nieto ilustratzailea izango dira.
Igartzako jauregian izango da ere, Legazpiko Doinua Musika Eskola eta Asmubeko abesbatzak elkarlanean antolatu duten emanaldia. Martxoaren 5ean, 18:00etan izango da.
Martxoaren 6an berriz, Nire izena, zure izena. Nire ahotsa, zure ahotsa ipuin kontakizuna egingo du Mireia Delgadok, liburutegian, 17:30ean.
Mobilizazio eguna
Martxoaren 8a, mobilizatzeko eguna izango da. Beasaingo Udalak deituta, elkarretaratzea egingo dute, Erauskin plazan, 12:00etan. Herritar guztiei parte hartzeko deia egin diete.
Horren aurretik, herriko ikastetxeekin ekitaldia izango da Loinazko San Martin plazan, 11:00etan.
Emakumeen Nazioarteko Egunaren biharamunean, Simone, la mujer del siglo filmaren emanaldia izango da, Usurbe antzokian, 18:00etan.
Martxoaren 8ko egitarauan gehitu da ere, Igartza Musika Zikloko emanaldietako bat. Martxoaren 10rako programatu duten Anari artista azkoitiarraren kontzertua hain zuzen ere. Igartzako jauregian izango da, 20:30ean.
Ondare historikoak eta arkitektonikoak ere leku hartuko du aurtengo egitarauan; martxoaren 12an, Emakumeak eta Igartza bisita gidatua izango da. Parte hartzeko izena eman behar da berdintasuna@beasain.eus epostara idatzita.
Umorezko bakarrizketa batekin itxiko dute aurtengo egitaraua. Beatriz Egizabal izango da bakarrizketagilea. Matxoaren 19an izango da, plaza azpian, 18:30ean.
Aurkezpenean izan diren ordezkariek, ekintzetan parte hartzera gonbidatu dituzte herritar guztiak.
Banderolak
Martxoaren 8an Beasaingo leiho eta balkoiak morez janzteko deia egin dute aurkezpenean. Horretarako, banderolak eskuragarri daude Igunean. Herritar guztientzat izango dira.