Herriko emakume idazleen solasaldia
Bigarren literatur bermutak ‘Ellas’ du izenburua, eta Legazpiko Lara Odriozolak, Mari Romerok eta Ane Odriozolak idatzitako liburuetako emakumeei eskainita egongo da. Igandean izango da, 12:00etan.
Lara Odriozola, Mari Romero eta Ane Odriozola idazleak. Lara Odriozola eta Ictus liburua, Mari Romero eta Etxe-torre Goikoa, donde no existe el olvido, eta Ane Odriozola eta Conspiracion en Gibola izango dira Bergaretxeko Miceleku aretoko hurrengo gonbidatuak. Igandean, hilak 19, Ellas izeneko bermut literarioa egingo dute, 12:00etan. Bertan, idatzi dituzten liburuetan agertzen diren emakumeen inguruan hitz egingo dute, Martxoaren 8a igaro berria dela baliatuz.
Hain zuzen, bizitzaren edozein arlotan emakumeak duen garrantzia nabarmentzea da bermut literario honen helburua. Hiru idazleen liburuetan agertzen diren emakumeak oso garai ezberdinetan jaiotakoak dira, eta egora desberdinei egin behar izan die aurre, baina guztiak emakume borrokalariak eta konprometituak dira.
Bergaretxe geltokiko arduradunak herritar guztiak gonbidatu dituzte ekitaldi honetara. Solasaldiaren ondoren, bermuta eta pintxoak egongo dira.













