Bost hektareako lursaila erosi du Ezkio-Itsasoko Udalak Izazpin
Ezkio-Itsasoko Udalak Izazpiko hiru lursail erosi dizkio foru-ogasunari mendi ingurua basoberritzeko helburuarekin, Joseba Telleria alkateak esan duenez. Erosketa pasa den astean, martxoaren 22an gauzatu zen Donostian.
Alkateak zehaztukoaren arabera, lursailak Papelera Española delakoarenak izan ziren garai batean, baina gero, foru-ogasunaren jabetzakoak izatera pasa ziren, «desjabetzeren bat tarteko». Erositako lursailak bost hektarea inguruko azalera dute eta 7.700 eurotan erosi dituzte. «Erositako lursailaren alboko lurrak —lau hektarea eta erdi inguru— Ezkioko udalerriarenak dira, eta horregatik erosi ditugu».
Gaur egun, «600 metrotik gorako azaleran ez dago landareriarik, basoa utzita dago», eta horregatik jarri dute udaletik ingurune hori birpopulatzeko prozesua martxan. «Mendi zikinak suteetarako arriskua dakar» eta hori ekidin nahi dute. Etorkizunean sail gehiago erosteko asmoa dutela aurreratu du alkateak.