Ezkioko bidegorriaren bigarren fasea udarako amaituta egongo da
Apirilean irekiko dute bigarren zatiari dagokion lizitazio prozesua. Bidegorriaren lanak bi hilabetez luzatuko dira.
Ezkio-Itsasoko Udalak Ezkioko barrutia zeharkatzen duen bidegorriaren bigarren faseari ekin nahi dio laster. Ezkioko biribilgunera arteko lehendabiziko zatia amaituta dago jada. Bigarren fase honetan, biribilgunea eta Araneko bidegurutzea lotuko dituen oinezko eta bizikletarientzako bidea osatuko dute. «Apirilean lizitazio prozesua martxan jarri nahi dugu», esan du Joseba Telleria Ezkioko alkateak. Obrak egiteko lehiaketa publikorako deialdia, oinarrien argitalpena eta beharrezko izapideak hilabete inguru luzatuko dira, «denbora hori pasata berehala hasiko gara lanekin. Pare bat hilabetez luzatuko dira asko jota, beraz, udarako amaituta egon beharko lirateke», zehaztu du.
Bigarren zati honetako bidegorria, lehenengo zatikoa bezala errepidearen kontra joango da, «ez dira politenak, baina bai egokienak», argitu du alkateak. Batetik, beharrezko zerbitzuak eskaintzea bermatzen duelako, eta bestetik, «lur partikularretan ez sartzeak asko errazten duelako tramitazio guztia». Bigarren zati honetarako aurrekontua 102.000 eurokoa da. Lehendabiziko zatiko lanak Construcciones Antio enpresak egin ditu eta 128.000 euroko kostua izan dute. Alkateak aurreratu du lan hauek Gipuzkoako Foru Aldundiaren diru laguntza jaosko dutela: «Lehendabiziko faserako 100.000 euroko diru laguntza jasoko dugu. Bigarrenerako beste 100.000 daude aurreikusita».
Zebrabidea eta semaforoa
Egingo diren lanak aprobetxatuz zebrabide bat jarriko dute Araneko bidegurutzean «baserri bide bat gurutzatzeko», baita semaforo bat ere «autoen abiadura murrizteko helburuarekin». Behin bigarren fasea amaituta, Araneko bidegurutzetik Zumarragako mugara arteko bidea egitea faltako litzateke Ezkio Goierri garaiko gainontzeko herriekin guztiz lotzeko.