Lazkaon txosna batzordeak argitaratu du festetako egitaraua
Bi asteburuetan, musika izango da osagai nagusia txosna batzordearen gunean. Guztira, hamabi talde edo disko jartzaile ekarriko dituzte. Bazkaria, tortilla lehiaketa eta beste ere antolatu dute.
Lazkaon San Prudentzio festak hasteko hiru aste falta direnean, Txosna Batzordeak argitaratu du txosnetako egitaraua. Bi asteburuetan antolatuko dituzte ekitaldiak. Musika kontzertuak izango dira osagai garrantzitsuena: hamabi taldek joko dute.
Txosna apirilaren 19an muntatuko dute auzolanean, eta 21 iluntzean hasiko da festa. Elkarretaratzea, txupinazoa Mirentxinen eskutik, eta Little Martin Selektah eta Fulana DJa ariko dira, motorrak berotzeko lehen egunean. Mozorro egunean, 22an, herri bazkaria eta gauean Lukiek eta Emaion taldeen kontzertuak izango dira.
Bigarren asteburu luzea
Bigarren zatiari 27 ostiralean ekingo diote, patata tortilla lehiaketarekin. 28 iluntzean elkarretaratzea, eta gauean kontzertua daude: Anker, Gilda eta Azken Sustraiak.
Apirilaren 29an, larunbata, arratsa Distopia elektro-txarangak girotuko du. Alarma Morea, Dena eta Dupla taldeek jarriko dute gauean musika. Azkenik, kuadrillen egunean, hilaren 30a, Expuela eta N-Lezz DJek joko dute.
Bazkarirako txartelak Antsoategi, Giroa eta Zelata tabernetan jarri dituzte salgai. Txosnetako zapiak, berriz, Antsoategin egongo dira salgai.