Zaldibiak harrera egin die azken urtean etorritako herritar berriei
Larunbatean 'Ongi etorri Zaldibiara' ekitaldiarekin egin dute ezagutza herriko eragileek eta kanpotik iritsi berri direnek. Herriko zerbitzuak aurkezteaz gain, leku esanguratsuenak ikusteko txangoa ere egin dute.
Zaldibiar berriek zubi zaharrean ateratako argazkiarekin egin dute, nolabait, herrirako sarrera. Udalak antolatuta, larunbatean Ongi etorri Zaldibiara ekitaldira gonbidatu zituzten azken hilabeteotan herrira bizi izatera etorri diren herritarrak. Hamasei laguni egin diete udaleko eta herriko ordezkariek harrera. Itsasondo, Beasain, Bilbo, Barakaldo, Kolonbia, Amerikako Estatu Batuak… dituzte jatorrizko sorburuak. Saio osoa euskaraz egin zuten, ez dakitenentzat aldi bereko itzulpena jarrita. Emun aholkularitzakoek ere parte hartu zuten.
Goizean, udaletxeko batzar aretoan elkartu, eta Eztitxu Mujika alkateak harrera ofiziala eta udal zerbitzuen berri eman zien. Martxan jarri duten harrera integraleko proiektua zer den azaldu zuen. Etxekonekok elkartekoek ere beren jardunaren berri eman zuten, eta antolatuko dituzten ekitaldietan parte hartzera gonbidatu zituzten zaldibiar berriak.
Plazan, Iztueta dantza taldekoek eta Txanbolinterok txistulari taldekoek Agurra dantzatu zieten. Jarraian, ibilalditxo bat egin zuten denek, kalean barrena, herriko zerbitzu, toki eta azpiegitura garrantzitsuenak ikusteko eta haietako informazioa jasotzeko. Kultur etxea, zubi zaharra, mediku-etxea, dendak, hondakin sistema, Kimuene eta eskola bisitatu zituzten, kanpotik.
Atzera plazara itzulita, mokadutxo bat janez amaitu zen harrera ekitaldia.
Lanketa udaletxean eta herrian
Kanpoko jatorriko biztanleria proportzio handia du Zaldibiak. Harrera egoki bat egiteko, eta herriko gizartean integrazioa errazteko, proiektu zabal bat diseinatu du udalak. “Larunbateko saiora iritsi aurretik ibilbide bat egin du proiektuak. Udaletxe barnean aurrena, eta herriko eragile eta norbanakoekin ondoren. Udal barnean protokoloa zehaztuta eta martxan dago, eta formakuntza ere jaso dute ordezkari eta langileek. Aurten, berriz, herriko eragileei eman zaie formakuntza eta larunbatean nabaria zen haien presentzia: Etxekonekok Elkartea, Iztueta Dantza Taldea, Txanbolinteroak, Lardizabal Eskola, kirolariak, dendariak…”, adierazi du Zaldibiako Udalak.