Maizpide euskaltegiak hasi ditu Udako Ikastaroak, egitarau bereziz
Hamabi eguneko iraupeneko sei ikastaro emango dituzte, uda guztian zehar, Lazkaon. Maila guztietan, zortzi orduko eskola-saioak hartuko dituzte. Egitaraua ere prest da.
Udako ikastaro batean aritu ziren ikasleak, iazko uztailean, Lazkaon triki-bertso poteoan. // Argazkia: Aimar Maiz Lazkaon 1975. urtean hasi zen Goierriko Euskal Eskola udan euskara ikastaroak ematen. Astelehenean ekin zion haren oinordeko den Maizpide euskaltegiak 35. ekinaldiari. Aurtengo udako hiru hilabeteetan, bi asteko egonaldiak egin ahalko dituzte ikasleek barnetegian.
Denboraren joanean, eta ikasleen profilari egokitzeko, aldatu egin dira udako ikastaroak. Motzagoak eta ugariago eskaintzen dituzte gaur egun. Hala, hamabi eguneko sei ikastaro eskainiko ditu Maizpidek, irailaren 29ra arte: bi aste, asteburua hartuta.
Egunean zortzi orduko erritmoan, 16 urtetik gorako ikasleentzat izango dira klaseak. Maila guztietan jarri dituzte udako barnetegiak. A1 eta A2 azterketak prestatzeaz gain, euskaltegian bertan etsaminatu ahalko dira. B1, B2, C1 eta C2 mailetara bideratutako saioak ere badira.
Kultur egitaraua, etzitik
Udako Ikastaroen beste bereizgarri bat, klaseen osagarri izan ohi diren kultur ekitaldiak dira. Ostiralean hasiko da, eta sei ikastaroetan ariko diren ikasleek izango dute parez pare osagairen bat. Barnetegitik kanpora, Lazkaoko herri osoari zabalik daude ekitaldi horiek.
Kale giroko bertso-triki poteoak, Bentazaharreko Mutiko Alaien kantu-jira, Patxi Perez eta Konpainiarekin plaza-dantzen saioa, Xaukena elektro-txaranga edota Eingo taldearen kantu eta dantza emanaldia iragarri dituzte. Antzerkiek eta ipuin kontakizunek osatuko dute.
EGITARAUA
Kultur ekitaldiak udan
- Ostirala. Triki-bertso poteoa. 18:30ean, Maizpidetik abiatuta.
- Uztailak 12. ‘Sagastitarrak’ antzezlana. 19:00etan, Arerian.
- Uztailak 20. Talo afaria Jotake taldearen eskutik. 20:00, plazan.
- Uztailak 27. Bentazaharreko Mutiko Alaien kantu jira. 18:30.
- Abuztuak 4. Xaukena elektro-txaranga. 18:30, Maizpidetik.
- Abuztuak 10. Patxi Perez eta Konpainiarekin plaza-dantzak. 18:30ean, plazan.
- Abuztuak 17. Koldo Ameztoi, ‘Martintxok txo galdu zuenetik’ ikuskizuna. 18:30, Maizpiden.
- Abuztuak 24. Triki-bertso poteoa. 18:30ean, Maizpidetik.
- Irailak 8. Eingo taldea, ‘Kantan ta dantzan’. 18:30, plazatik.
- Irailak 14. Xaukena elektro-txaranga. 18:30ean, plazatik.













