Osakidetzak lehen osasun arreta murriztu du udarako Ataunen eta Gabirian
Ekainaren azkenetik abuztuaren bukaerara mediku kontsultak itxi egingo dituzte, zenbait egunetan. Gainerako egunetan ere ordutegi murriztuarekin jardungo dira Ataungo bi kontsultetan.
Ataunen iazko irailean egindako protesta bilkura baten argazkia. Osakidetzak lehen osasun arreta zerbitzuan ordutegian murriztu eta zenbait egunetan mediku kontsultak itxi egingo ditu. Gipuzkoan, Tolosaldeko herrietan jasango dute aldaketa batik bat, baina Goierrin ere dagoeneko bi herritan ari dira murrizpenak egiten: Ataunen eta Gabirian.
Uda garaian ohiko lana apaltzen dela, eta langileen oporraldiak ordezkatzeko denetan aukerarik ez dagoelako erabaki du Osakidetzak zerbitzua egokitzea. Ataunen, San Martingo eta San Gregorioko anbulatorioei eragingo die. Ohiko ordutegia 08:00etatik 15:00etara baldin badute ere, ekainaren azkeneko astetik ari dira bestela.
San Martinen, medikurik ez da egongo uztailaren 24, 26, 27, 28 eta abuztuaren 14, 16, 17 eta 18an. Erizainak hiru orduz artatuko du. Uztailaren 14an, hiru orduz soilik emango du zerbitzua; hilaren 17tik 21era, hiru orduko lanaldi murriztuan ariko dira medikua eta erizaina.
Iragarritako murrizketa horiei, San Martingo medikua bajan dagoela gehitu behar zaio. Hala, mediku bakarrak atendituko du Ataun osoa, ia uda osoan. Astelehen, asteazken eta ostiraletan, 10:00etatik 14:00etara, San Martinen ariko da, eta astearte eta ostegunetan San Gregorion. Erizaina, iragarrita bezala.
Zerbitzu duinaren aldarria
San Gregorion, berriz, ohiko 10:00-14:00 ordutegia aldatuta dago ekainaren 26tik. Uztailaren 17tik 21era, hiru ordu egongo da irekita, goizean lehen garaian edo eguerdian azkenekoetan. Uztailaren 24, 26, 27 eta 28an, eta abuztuaren 14, 16, 17 eta 18an medikurik ez da egongo.
Ataungo Udalak «osasun-zerbitzu duina herrian bertan jasotzeko daukagun eskubidea» aldarrikatu du.
Gabirian, uztailaren 4tik 17ra eta 21, 24 eta 27an itxita egongo da mediku kontsulta.












