Egun potenteena gaurkoa izatea espero dute gabiriarrek
Gabiriako festak jendetsuak ari dira izaten oraingoz; hala ere, potenteena gaurko eguna izatea espero dute bertakoek. Eguraldiari dagokionean, gustura hartzen dute gabiriar batzuek lanbroa, tenperaturak ez baitira oso altuak.
Igandean hasi ziren festak Gabirian, eta lehenengo eguna igandea bazen ere, uste baino jende gehiago gerturatu zen bertara. Astelehena, berriz, jai eguna zen, eta autobusetan jende mordoa joan zen Andre Mari jaietara. Arratsaldean bertso saioa izan zen; arrakastatsua, gainera. Gero, gauean, hiru kontzertu egon ziren; tartean, goierritarrak: Dj Expuela.
Atzoko eguna mozorro eguna zen, eta normalean bertakoak izaten dira gehiengoak. Kuadrillaka mozorrotzen dira, eta bakoitzak antzerki bat egiten du gero.
Festetako egun potenteena, halere, gaur izatea espero da. Elektro txaranga eta sagardo dastaketa daude, normalean jende asko erakartzen dutenak. Horretaz gain, gauean, Bengo eta Dupla taldeen kontzertuak egongo dira. Joateko zein itzultzeko autobus bereziak antolatu dituzte.
Bihar San Roke Txiki eguna izango da, eta arratsaldean zein gauean Joselu Anayak egongo dira.













