Zegamako Herri Kirolak zehaztu dituzte
Hasi dira dagoeneko Zegamako San Bartolome jaiak. Herritarren arteko txirrindulari proba ari dira egiten, eta 11:45ean kuadrillak mozorrotuta plazan elkartuko dira. 12:00ean, berriz, belearen jaitsiera eta pregoia botako dituzte, eta 14:00ean kuadrilla bazkaria izango dute. 17:30ean, aldiz, bolo jokoa izango dute, eta 18:00ean areto-futbol txapelketako finala. 19:30ean buruhandi eta erraldoien kalejira izango da, eta 20:15ean mozorroen sari banaketa. Iluntzean eta gauerdian, Bide Batez taldearekin erromeria izango dute.
Bihar San Bartolome eguna eta gazteen eguna ospatuko dituzte zegamarrek.
Igande honetan izango dira Zegamako Herri Kirolak, eta dagoeneko aurkeztu dituzte parte hartzaileak. Pentatloian Joseba Arakama, Andoni Iruretagoiena, Xabier Zaldua eta Gorka Etxeberria ariko dira, eta harri jasotzea, giza proba, aizkora, txinga eta korrika egin beharko dituzte.
Bestalde, bost metroan zutikako enborra mozten Joxe Mari Esnaola ariko da, eta, azkenik, harri jasotzaileak Olaia Esnaola eta Ane Zinkunegi izango dira.













