Herriko Elkarteen Eguna ospatu dute lehen aldiz, goizean, Beasainen
Hogeita zazpi elkartek parte hartu dute. Bakoitzak bere lana erakusteko postua jarri du, musika eta batukada artean. Lana herritarrei erakusteaz gain, elkarteen arteko harremana sustatzeko ekimena dela azaldu du udalak.
Buztingintza elkartearen postua.//Argazkia: Laida Goiburu Bertako elkarteen lana ikusarazteko eta balioan jartzeko, Herriko Elkarteen Eguna egin dute lehendabiziko aldiz Beasainen gaur goizean, Beasaingo Udalak herriko elkarteekin elkarlanean antolatuta. Elkarteek haien lana ezagutarazteko postuak jarri dituzte Erauskin plazan. Musika eta dantza emanaldiak ere izan dira.
Udalak azaldu duenez, “elkarteak kalera atera eta ezagutzera emateko helburuarekin” antolatu da lehenengo Herriko Elkarteen Eguna. Herritarrek elkarteek egiten duten lana zein den jakin dezaten nahi dute. “Elkarte sareari esker, Beasaingo herriak dinamika eta aktibitate soziala bizirik mantentzea eta Beasain herri bizia izatea lortu du”. Horrez gain, lana ezagutarazteaz gain, elkarteen arteko zein elkarteen eta herritarren arteko harremana sustatzea ere da ekimenaren helburuetako bat. “Elkartegintzak herritarren arteko harremanetan eta sozializazioan laguntzen du. Herriko elkarte eta eragileen arteko elkarlanaren emaitzak, ekimenetan islatzen dira”.
Postuak goiz osoan zehar egon dira ikusgai. Gurea abesbatzak (Urbiberri elkartea) emanaldia eskaini du, Xhutai batukadak (Bakuntza elkartea) kaleak girotu ditu eta Bakuntza elkarteko kideek dantza emanaldia egin dute. Arteria Errizoma proiektuko kideek eskultura kolaboratzaile bat egin dute.
Hogeita zazpi elkartek parte hartu dute ekimenean: Nagusilan, Urbiberri, Odol Emaileak, Herriak Elkarlanean, Atzegi, Gurutze Gorria, Caritas, Minbiziaren Aurkako Elkartea, Bakuntza, Al Anon, Alcohólicos Anónimos, Asmube, Laukatu, Aittu, Hijos de Martin y Loinaz, Bear pintura Elkartea, Buztingintza Elkartea, Aizkorri Mendizale Elkartea, Loinatz Abesbatza, Loinatz Txirrindulari Elkartea, Goierriko Mendizale Beteranoak, Ortzi Powerlifting Kirol Kluba, BKL, Alfil Xake Elkartea, Igartza Igeriketa, Guske Shorinji-Kenpo eta Igartza Arku Tiroketak.














