Irulegiko eskua, mojak, ipotxak... Zaldibiako mozorro egunean
[ARGAZKIAK] Santa Fe jaietako mozorro eguna da gaur Zaldibian. Eguerdian paellak prestatu dituzte kuadrillek, eta plazan jarritako karpan bazkaldu dute.
Ostegunean hasi ziren Zaldibian Santa Fe jaiak. Gaur mozorro eguna dute. Irulegiko eskua aurkitu duen Aranzadiko taldea, ipotxak, sevillanak, mojak, hegazkinak…mozorro ezberdinekin atera dira gaur kalera zaldibiarrak. Eguerdian arroza prestatzen hasi dira herritarrak kuadrillaka, eta plazan jarritako karpan bazkaldu dute gero. Andoni Ollokiegiren emanaldia izan da bazkalostean, eta poteoa Xaukena elektrotxarangak girotu du. Gauean Los Zopilotes Txirriaos taldeak kontzertua joko du. Gaueko egitaraua DJ Anixakik itxiko du.
Bihar Aniztasunaren eguna izango da. Lau eguneko etena izango dute festek, eta ostirala eta larunbata izango dira azken egunak.
Urriak 8, igandea:
- 11:00. Herriko Txanbolintero txistularien goiz-deia kaleetan, segalarien kalejirarekin.
- 11:15etik aurrera. Haur, gaztetxo eta emakumeen sega saioa, Almitza Elkartearen eskutik, Mugertza baserriko zelaietan.
- 12:30etik 14:30era. Aniztasun Festa plazan, Etxekonekok Elkarteak antolaturik. Herriko kultura ezberdinetako kideek eskainitako dantza, kanta eta janari dastaketa.
- 17:30. Mozorro festa eta haurren play-back jaialdia, Ausa-Gaztelu Guraso Elkarteak antolatuta. Emanaldiaren ondoren, disko festa DJ Anixakik-ekin.














