Oiarbide eta Intxausti 42. Hiru Auzoetako Korrikaldiko garaileak
42. Hiru Auzoetako korrikaldia izan dute gaurkoan Ataunen. Oiarbide eta Intxausti izan dira aurtengo edizioko azkarrenak. Oiarbideren laugarren garaipena izan da eta inoiz baino ataundar gehiagok hartu dute parte.
42. edizioa izan du aurtengoa Ataungo Hiru Auzoetako Korrikaldiak. San Martindik abiatu eta hiru auzoak igaro ondoren berriro bertara itzuli dira korrikalariak, 17km inguruko itzulia osatu ostean. 105 korrikalari izan dira abiapuntutik korrikan irten direnak, horietako 19 ataundarrak. Antolakuntzak adierazi duenez oso pozik dago ataundarren parte-hartzearekin, izan ere, inoiz baino ataundar gehiagok hartu dute parte.
Lehenengo korrikalaria eguerdiko 12ak baino lehen iritsi da helmugara. Alexander Oiarbide ordiziarra izan da garailea. Aurtengoa laugarren garaipena du Oiarbidek eta iazko marka hobetzea lortu du, 2 minutu azkarrago iritsiz helmugara. Bigarrena Angel Vazquez izan da eta hirugarrena, Xabier Sanchez idiazabaldarra. Emakumezkoen kasuan, Amaia Intxausti idiazabaldarra izan da azkarrena. Korrikalari hau ere eskarmentu handikoa da iada halako probetan. Bigarren saria Tolosara joan da eta hirugarrena, berriz, Legorretara. Herritarren artean, berriz, azkarrena Mikel Auzmendi izan da.













