Arimen gaua itzuliko da Idiazabalera eta Segurara
Idiazabalen eta Seguran Arimen gaua ospatuko dute gaur gauean. Urteetan zehar galduta egon den ohitura berreskuratuko dute.
Idiazabal eta Segurako herriak ilundu egingo dira gaur iluntzeko gau santu honetan; gau beltza edo arimen gaua ospatuko baitute. Urteetan zehar euskal herrian galduta egon den ohitura berreskuratzeko asmotan antolatu dutela aipatu dute Eunate Eliok, Idiazabaleko hezkuntza eta berdintasuneko zinegotziak, eta Olatz Etxeberriak, Segurako antolatzaileetako batek.
Eliok adierazi du, ustez joan direnen oroitzapenarekin pertsona biziak haiekin duten elkarlotura ospatzeko eguna dela: “beti ospatu izan da Euskal Herrian, eta orain, beste behin, gurera ekartzea pentsatu dugu”.
Idiazabalen 19:00etan egingo dute hitzordua herriko plazan, bertan aurpegiak margotuko dituzte, eta, ostean beldurrak bota eta erreko dituzte sutan; azkenik gaztaina erreak jango dituzte.
Seguran, aldiz, 17:00etan emango diote hasiera egunari, kalabazak hustu eta margotuz; ondoren, 18:30ean mozorrotzera itzuliko dira etxera; jarraian, 20:00etan zopa beltz afaria egingo dute (norberak bere jana eraman beharko du); eta, azkenik, 21:30ean, ibilbide beltza eta beldurrak erreko dituzte.
Segurako herrian, antolatzaileek herritarrei mozorroa etxeko trapuekin egitea bultzatu die; ez dute nahi “lehengo ospakizun hau lehen bezala ospatu nahi dugu, eta hori islatu nahi dugu”.
Bi herrietan gaurko egunaren proposamenak “oso harrera ona izan du hasiera-hasieratik”. Gainera, haurrekin gaia landu egin dela baieztatu digute eta gurasoak ere mozorrotzeko nahia eta gogoa omen dute.













