Hitzordu garrantzitsu bikoitza, larunbatean Altamiran
Lehen taldeak Elgoibar hartuko du aurkari, eta Ohorezko Jubenil taldeak, ondoren, Billabona.
Ordiziako lehen taldea. Ordizia KE Ordiziako futbolzaleek hitzordu garrantzitsua izango dute larunbatean Altamiran. Lehen taldeak joan den jardunaldian segidako bigarren garaipena lortu ondoren, hirugarrenaren bila aterako dira Iker Moureren jokalariak.
Elgoibar izango dute aurkari eta larunbatean izango da norgehiagoka, 16:00etan hasita. «Gure helburua dinamika onari jarraipena ematea da; Beasaini 4-1 irabaztetik datoz elgoibartarrak, eta Ordiziara ere helburu berarekin etorriko diren arren, ea gol gutxiago jasotzeko gai garen», adierazi du entrenatzaileak.
Lehenengo taldearena, ordea, ez da larunbatean Altamiran jokatuko den partida bakarra izango. Jubenilen Ohorezko taldeak ere etxean jokatuko du, 18:30ean, eta Billabona izango du aurkari. Lau puntuko gainetik dira eurak, eta partida garrantzitsua izango dute lehen lau postuen artean sailkatzeko ametsari eusteko.
Hala ere, Enrique Martin entrenatzaileak ez du amore ematen: «Garaipena lortuz gero, borroka horretan bete-betean sartuko ginateke, Billabonatik puntu bakarrera geratuz».
Laburbilduz, hauek dira Ordizian jokatuko diren partidak: Ohorezko Mailan, Ordizia-Elgoibar (larunbata, 16:00); Ohorezko Jubenil Mailan, Ordizia-Billabona (larunbata, 18:30); Jubenil 1. Mailan, Ordizia-Elgoibar lagunartekoa (larunbata, 12:00); eta Kadete 1. Mailan, Ordizia-Urola (larunbata, 10:00).













