Txerri azoka arrakastatsu Mutiloan XV.edizioan
XV. Txerri Azoka egin dute Mutiloan eta goiz osoan zehar jende ugari ibili da bertan postuz postu, txerrikia dastatzen zein bazkarian.
Txerri gorriak ezizenez dira ezagunak mutiloarrak eta gaurkoan, txerri gorriek txerri azoka izan dute. Aurtengoa XV.urtea izan da antolatu dutena eta izan dute zer ikusi bertaratu direnek. Goizeko 10etan eman diote hasiera azokari, herria postuz betez, batez ere frontoia eta plaza. Adin guztietako publikoarentzat izan dira ekintzak, txikienetatik hasi eta helduenetaraino. Txerri erretzea eta txerri erakusketa izan dituzte goizean, postu ugari izateaz gain. Postu hauetan denetariko produktuak ikusi zein erosi ahal izan dituzte bertaratutakoek, hala nola, txerrikia, gazta, marmelada, barazkiak, bizkar-zorroak, belarritakoak, eskuz eginiko osagarri desberdinak, dekoraziorako objetuak… Haurrentzat margotzeko eta eskulanak egiteko txokoa jarri dute eta arrakasta handia izan du honek, txikienek asko <<disfrutatu>> baitute bertan.
10etan hasi eta Mutiloa jendez betetzen hasi da segituan. Aurtengo azoka, betiko legez, arrakastatsua izan da. Jende ugari ibili da bertan goiz osoan zehar, baita herri bazkarian ere. Data honetan oso ohikoa denez, babarrunak aza, odolki eta saiheskiarekin jarri dituzte menuan. Zozketa ere egin dute eta parte-hartzaile asko izan dira.














