Ataungo San Martin auzoa festetan murgilduko da, gaurtik igandera
Patata-tortilla lehiaketa, afaria eta Andoni Ollokiegi musikaria dira lehen jardunaldiko gozagaiak. Kuadrillen eguna bihar dute, eta haurrena etzi. Azkenekoan, mondeju txapelketa eta bertso saioa, besteak beste.
Mozorro kalejira egin zuten iaz San Martin jaietako larunbatean. // Argazkia: Iñaki Gurrutxaga San Martin jaiak gaur hasiko dira, Ataunen. Lau eguneko egitarauan, azken urteetan ohitura bihurtu diren ekitaldiak izango dira, gehienak. Txupinazoa gaur arratsaldean botako dute, eta patata-tortillak egiteari ekingo diote jarraian. Banaka, binaka edo hirunaka egin ahalko da, baina izena eman behar zen, txartela erosita, aurretik. Norberak eraman beharko ditu suak, zartagiak eta tresnak; osagaiak, aldiz, antolatzaileek jarriko dituzte.
Karpan izango da lehiaketa, eta talde edo norbanako bakoitzak tortilla bakarra aurkeztu ahalko du, 20:00ak arte. Gaua, afariarekin eta ondorengo Andoni Ollokiegiren kantaldiarekin alaituko dute. Oargin, B disko jartzaile ataundarra ariko da.
Plazan jarritako karpan egingo dituzte ekitaldi, herri otordu, kontzertu eta saio gehienak. Biboletak emakume taldeak, udalarekin batera, eraso matxisten aurkako protokoloa eta aldarrikapena kaleratu ditu.
Haurrak eta gazteak
Bihar-etziko egitarauak kuadrillei eta haurrei eskainiko dizkiete, nagusiki. Kuadrillen eguna ostirala izango da: eguerdian elkartu, eta bazkaria, elektrotxarangarekin kalejira, eta gauean afari autogestionatua dituzte.
Musikari dagokionez, zortzi talde ekarriko dituzte ostiral eta larunbatean Ataunera. Karpako oholtza nagusian joko dute batzuek, eta Oargin bestetzuek.
Umeek ere gozagarririk izango dute, bihar: bizikleta eta patinete zirkuitua, txokolatea… Hala eta guztiz, egun handia larunbatekoa izango dute. Puzgarriak, haurren bazkaria, talde baten emanaldia, mozorro festa… jarri dizkiete.
Mozorrotuen eguna ere bada larunbatekoa. Haurrak eguerditik, eta helduak arratsetik aurrera aterako dira mozorrotuta. Eguneko ataundarrentzako beste hitzordu garrantzitsu bat, Iraitz Zubizarreta herritarrak Tolosan jokatuko duen Promozioko lau t’erdiko txapelketako finala izango da.
Lehiaketa ugari
Asteburuan, toka, mus eta mondeju lehiaketak jokatuko dira. Gaurko patata-tortillarenarekin batera, horieko satuko dute aurtengo palmaresa.
Herriko artisauen eta sortzaileen azoka egingo da aurten ere, igandean. Norbere artelanak eta sormen lanak eramango dituzte feriara. Bertsolari jaialdiarekin amaituko dira San Martin festak, igande iluntzean.













