Gipuzkoako Pala Motzeko txapelketa hasi dute Oianguko palariek
Asteburuan bigarren jardunaldia jokatuko dute. Lau partida izango dira.
OIangu3 eta Oiangu4koen arteko partida, aurreko asteburuan.//Oiangu P.E. Paletako txapelketa amaituta, Gipuzkoako Pala Motzeko txapelketa hasi dute Oianguko palariek. Aurreko modalitatean baino emaitza hobeak lortzeko esperoan, bigarren jardunaldia jokatuko dute asteburuan.
Aurreko asteburuan ekin zioten txapelketari. Bigarren mailako derbi bana jokatu zuten ostiralean. Oiangu2ko Ropero-Garrido bikote beteranoa nagusitu zen Oiangu5eko Gonzalez-Agirrezabal bikotearen aurka, 29 eta 40. Bigarren derbian, Oiangu3ko Otegi-Etxeberria bikoteak Oiangu4ko Irastorza-Elorza bikoteari irabazi zion, 26 eta 40. Bigarren mailako beste partidan Oiangu1eko Ormazabal-Samaniego bikoteak Errenteriako EPLE1en aurka galdu zuen. Ormazabal-Samaniego bikotearentzat pala motzeko txapelketako lehen partida izan zen.
Lehen mailan, berriz, Oiangu2ko Naldaiz-Letamendia bikoteak garaipena eskuratu zuen Andoaingo Gazteleku1eko bikotearen aurka, 40 eta 20. Lehen jardunaldiko lehen mailako beste partidan, Oiangu1eko Ibarguren-Olaran bikoteak galdu egin zuen Errepalakoen kontra, 40 eta 31.
Bigarren jardunaldia
Bigarren jardunaldiko partidak gaur, bihar, larunbatean eta igandean jokatuko dira. Lau partida izango dituzte Oianguko palariek, etxean. Gaur iluntzean, bigarren mailako derbia izango da Ordiziako Beti Alai pilotalekuan, 20:00etan. Oiangu1eko bikoteak Oiangu4ko bikotearen aurka jokatuko du. Bihar, berriz, Olaberrian, lehen mailako Oiangu1eko bikoteak Gaztelekukoen aurka jokatuko du. 19:30ean hasiko da, eta ondoren, bigarren mailako Oiangu2ko bikotea Altzatarren aurka ariko da.
Larunbatean bi partida izango dira. Oiangu3ko eta Gaztelekuko bikoteen arteko partida Ordiziako pilotalekuan izango da, 12:30ean, eta Oiartzungo Madalensoro pilotalekuan jokatuko du Oiangu2ko bikoteak, 10:00etan.
Bigarren jardunaldia amaitzeko, igandean, Oiangu5eko bikoteak Azpeitiko Ilunperen aurka jokatuko du, Betharram pilotalekuan, 12:00etan.













