Bigarren legealdia da Adur Ezenarrorentzat (Ordizia, 1977) alkate bezala. 2030 plana dute bideorri. Next Generation laguntzetako proiektuak dira datozen bi urteetarako lehentasuna.

Zein da legegintzaldi honetarako norabide nagusia?
Aurreko legegintzaldian bezala, gure helburua da pertsonak, herria eta ingurumena zaintzen dituen Ordizia eraikitzea, hori nahi dugu. Gure bide-orria da 2030 plana. Helburu ezberdinak finatzen ditu, arlo energetikoan, berdintasunean, ingurumenekoan, ekonomikoan… horien lanketa egiten ari gara. Beti aldarrikatu dugu, proiektu izarrez harago, hausnarketa estrategiko zabalago bat planteatzea, horren barruan proiektu zehatzak egiteko.
Irisgarritasuna da planteatutako helburu zehatzetako bat.
Irisgarritasun plana eginda dago, aukerak aztertuta, auzoetan eta udal eraikinetan. Igogailuak jartzearekin jarraitzen dugu. Erronkarik handiena Altamira eta Tximista lotuko dituen igogailua da. Aukera ezberdinak daude mahai gainean. Anbiziotsuena da trenbide eta autobia gainetik pasatzea, eta horren bideragarritasuna aztertzen ari da ingeniari talde bat orain. Lau urte hauetan betetzeko proiektuak dira.
Next Generation diru laguntzetan 4 milioi jaso ditu udalak.
Bai, legegintzaldi honetan gure lehentasuna da. Bi lerro daude: hiru proiektu nagusi turismoa sustatzeko, eta beste bat merkatua biziberritzeko.
Azoka biziberritzeko, plaza berritzea da inbertsio nagusia?
Azokakoan proiektu nagusia plazaren eraberritzea izango da, horren inguruko proiektu txiki askorekin, tartean, webgunea berritzea. 2024an bukatuta izateko lanean dihardugu.
Eta turismokoan daude Oianguko aterpetxea, gaztandegia eta D’elikatuz.
Turismokoak, berriz, 2025rako bukatu behar ditugu. Datorren urterako martxan dugu Oiangu baserria aterpetxe bezala eraberritzea, eta horrekin batera, golfeko eraikina erabilera askotarako egokitzea. Gaztandegi berria irekiko da, Aranan, egun Zuhaizti azpian dagoenaren ordez. Eta azkenik, D’elikatuz interpretazio zentroa birdefinituko dugu, erakusketa aldetik. Azokara eta gaztandegira begirako erakusketak izango dira. Aralarren eta baserriaren bidez, nekazaritzarekin, artzaintzarekin eta gaztarekin lotura egingo da.
Azpiegiturei dagokienez, Urdaneta eskola berritzea planteatu zenuten. Zein puntutan dago?
Proiektua bukatzen ari gara. Next Generation diru laguntza eskatu zen eta tamalez ez genuen lortu, baina Eusko Jaurlaritzaren beste bat lortu dugu, eta patioa eraberritzeko lanak egingo dituzte. Badakigu faseka egin beharko dugula, eraberritze handia behar duelako. Datorren urtean beste zati bat berritzen behintzat hasi nahi dugu.
Majorin lanak egitea ere planteatu zenuten.
Majorikoak hausnarketa sakonagoa ekarri behar du. Gimnasioa, kantxak…berritu ziren, eta igerilekuaren eremua berritzea izango litzateke. Parte-hartze prozesua egin zen duela bi legegintzaldi. Proiektu anbiziotsua egin zen. 8 milioi euroko proiektua jarri da mahai gainean. Kolpe batean Ordiziako Udalak ezin dio horri aurre egin. Hausnarketa prozesu batean gaude, birdefinitzeko Ordiziak zer eremu behar duen, ikuspegi praktiko eta bideragarri batetik.
Anbulategiko lanak noiz bukatzea aurreikusten duzue?
Aurreko legealdian tokatu zitzaigun udal bezala birkokapenean laguntzea. Artxiboa Aranako lokalera eraman zen, eta obra egiten ari dira orain. Ondo doa. Amaiera data zehatzik ez daukagu, baina datorren urterako bukatzea espero dute, martxan jartzea 2024ko amaieran ez bada, 2025 hasieran.
Eta tren geltokia?
Geltokiko zatirik zailena trenbide azpiko igarobidea egitea da, eta lur azpiko pasabidea eginda dago. Berez, etenaldirik ez badago, 2024 amaieran, gehienez 2025 hasieran amaituta egon beharko luke.
“Apustua badago etxebizitza behar horri modu publikoan erantzuteko”
“Zaintza sistema publiko komunitarioan, komunitario horretan jarri nahi dugu indarra”
Kulturaren Triangelua da beste proiektu potolo bat. Zein da hurrengo urratsa?
Oinarriak jarri genituen iaz, KulturLab parte-hartze prozesuarekin. Barrenan, Dorrean eta Herri Antzokian erabilera nola banatu zehaztu zen. Eusko Jaurlaritzari eskatu genion Herri Antzokiko eraikina ondare bezala babestu dezan, horrela, babes maila emanda, Espainiako Gobernuaren %1,5 kulturaleko diru laguntza eskatzeko aukera izango genuke.
Etxebizitzari dagokionez, alokairurako babes ofizialeko etxebizitzak egiteko aukera aipatu zenuten.
Vivesa Eusko Jaurlaritzaren soziedadearekin gaude harremanetan. Haiek proposatu zuten 110 babes ofizialeko alokairurako etxebizitzak egiteko aukera, udalarena diren lursailetan, San Joanen. Horrekin lortuko genuke auzoa babes ofizialeko etxebizitzekin osatzea. Ikusten dugu gazteen eskaera badagoela, eta eskaintza gutxi dagoela alokairurako. Lehenengo partzela aurki martxan jarriko da. Diru sarrera garrantzitsua galduko dugu, baina apustua badago etxebizitza behar horri modu publikoan erantzuteko.
Aurtengo aurrekontua ez zuen onartu udalbatzak. 2024rako adostuko da?
Legeak ezartzen duen bezala, iazko luzapenarekin funtzionatu dugu, egoerara egokitzeko aldaketak eginda. Hurrengo urterako aurrekontuaren proiektuaren zirriborroa aste honetan amaitzea espero dugu, eta taldeekin negoziaketetan hastea. Urteko azken plenoan onartzea gustatuko litzaiguke, eta bestela, urtarrilean.
Zaintzari lotuta, zer lanketa egiten ari da udala?
Zaintza sistema publiko komunitarioan, komunitario horretan jarri nahi dugu indarra. Sektoreko eragile ezberdinekin osatutako zaintza mahaitik adostuta aterako diren proiektu ezberdinak martxan jartzea, batez ere bakardadearen inguruan.
Zuhaiztin ere ari zarete lanean.
Zuhaiztirako, bi fasetan eskatu genuen laguntza. Lehenengo fasean igogailuak jarri dira. Bigarrenean, eguneko arreta zentroa jarriko da martxan. Eguneko zentroaren ondoan eguneko arreta zentroa irekiko da, behar handiagoa dutenentzat.
Beste inbertsiorik badaukazue esku artean?
Beste Next Generation diru laguntza bat jaso genuen bidegorria egiteko. Ordiziak daukan bidegorri sarea bi zatitan banatuta dago. Bata, San Juaneko zatia Itsasondorekin eta Arana kalearekin lotzen duena, eta bestea, herri barruko zatia, Majoriraino doana eta Altamiratik herritik barrena, CAFeraino doana. Tximistatik San Joanerainoko lotura planteatzen da, Bizkaia pasealekutik. Proiektua eginda dago, eta legegintzaldi honetan martxan jartzea aurreikusten dugu.
Nolako Ordizia nahiko zenuke 4 urte barru?
Hasieran esandakoa: pertsona, herria eta ingurumena zaintzen dituen herria izatea. Aniztasunean aurrerapausoak ematea, herri irisgarria izatea, euskalduna, azpiegitura sendoz osatua eta herritarren arteko sareak sortu eta indartzen dituena. Komunitarioki erronka horiei aurre egin ahal izatea, 2030erako lortu beharreko erronkak gaindituz.