Inauteriak

Inauteri festa karroza gainetik

Legazpiko inauterietan ostirala da mozorroen egun handia. Urtetik urtera geroz eta karroza gehiago ateratzen dira, eta festa giroari bultzada ederra ematen diote. Lakiolako taldearena da bat.

Lakiolakoak, karroza aterako duten traktorearen gainean. Tere Madinabeitia

Lakiolan dute operazio zentroa. Baserri ondoko aterpe batean prestatu dute aurtengo karroza ere. Gaur goizean azken ukituak emango dizkiote, eta arratsaldean kalera jaitsiko dute. Beste urte batez, Lakiolako gazte taldea Legazpiko inauterien egun handia ospatzeko eta girotzeko prest dago.

Orain arte jaietako tiro pitxon kaseta, talo postua, Formigalgo Marchica diskoteka, Oktober Fest eta munduko futbol txapelketa irabazi zuen Argentinako selekzioa atera dituzte karrozetan. Aurten ere «kaleari giroa eta kolore pixka bat» ematen saiatuko direla agindu dute, baina ez dute gaia aurreratu, misterio kutsua gordetzeko. Musikarik ez da faltako.

Mozorrotzea gustuko dute
Talde honetan hainbat kuadrillatako kide daude, eta 2018ko inauterietan karroza egiten hasi zirenetik, urtero sei-zortzi lagun elkartzen dira lan horretarako eta festaz gozatzeko. «Inauteriak bizitzen ditugun edo saltsa horretan gustura ibiltzen garen batzuk osatutako taldetxo bat gara, adin desberdinekoak», azaldu du Ander Ibarguren taldekideak. Gehienak, hala ere, 1994ko kintakoak dira.

Betidanik izan dute gustuko mozorrotzea. Jon Arroyok, adibidez, haurra zela karroza txiki bat egin zuen basurde batekin, eta bera ehiztariz jantzita atera zen inauterietan. Ladis Iñurritegiren urtebetetzean, lagun guztiak desiatzen egoten ziren haren festara joateko, mozorroz beteriko kaxa bat zuelako. Ander eta Jon Ibarguren anaiek etxean ikusten zituzten gurasoak inauterietarako karroza prestatzen. Raul Ferrero inbidiatan egoten zen irakasleak eta gurasoak Domingo Agirreko karroza prestatzen ikusten zituenean.

Lakiolakoek ez dute aurreratu gaurko karrozaren gaia, misterioa da

Horrelako aurrekariekin, karroza propioa egitea berez etorri zen. «Ostiraleko festa indarra hartzen hasi zen, ikasleen desfilea amaitutakoan, bi ikastetxeetako irakasle eta guraso taldeak bakoitza bere karroarekin eta musikarekin kalean geratzen hasi zirenean giroa jartzen. Kaleko giroa oraindik gehiago indartzeko, eta guk ere ondo pasatzeko. Geure karroza egitea pentsatu genuen».

Hala, Ibarguren anaien gurasoek mozorrotu eta karroza egiten zuten garaitik Lakiolan gordeta zuten metalezko egitura eta beste traste batzuk erabiltzea bazutela ikusita, aurrera egin zuten eta lanean hasi ziren. «Haien erreleboa garela iruditzen zaigu! Gure gurasoen kuadrilla ere ez zen makala. Behin astoarekin eta karrozarekin jaitsi ziren kalera, urte pare batetan bi kotxe puskatu eta transformatu zituzten karroza egiteko… Azkenean halako erremolke bat egin zuten kotxearekin eramateko, eta hori da guk orain erabiltzen duguna traktoreari erantsita».

Zaila da gaia aukeratzea
«Saltsa eta giroa jartzea gustatzen zaigulako hasi ginen», gogoratu du Anderrek, baina karroza egiteak lan asko eskatzen duela ere nabarmendu du. «Azkeneko momentuan ibiltzen gara gu, zer egingo dugun erabakitzen eta prestatzen. Urtetik urtera hobetzea nahi dugu, baina ez da erraza. Gaia aukeratzerakoan gu nola jantzi, karroza nola girotu, zein musika jarri… gauza askotan pentsatu behar da».

Lakiolan prestatzen dute guztia, eta alde horretatik zortedun dira, badutelako lana egiteko tokia, baita traktorea eta sortzaile elektrikoa ere. Musika ekipoa, berriz, alokatu egiten dute. «Beste batzuk meritu handiagoa dute, guk baino baliabide gutxiago dituztelako, eta hala ere, oso gauza politak egiten dituzte».

Karrozarekin 2018an atera ziren lehen aldiz, ordutik bost egin dituzte

Denen artean egiten dute lana, eta denek denetik egiten dute: erosketak, arotz lanak, elektrizitatea… Sei-zortzi laguneko taldea osatzen dute lanerako, baina gero, karroza kalera ateratakoan, lagun gehiago hurbiltzen dira, askoz ere gehiago. Izan ere, karroza honen inguruan festa gogoz dagoen jende ugari elkartzen da, eta «horrek egiten digu ilusioa, egindako horrekin talde osoak eta guregana hurbiltzen direnek ondo pasatzeak».

Jarraitzaile ugari
Karroza atera zuten lehen urtea gogoratzen du taldeak bereziki, 2018a, bat ez, bi egin zituztelako. Ostiraleko festarako ‘feriante’ kaseta bat egin zuten, dardo joko eta guzti, eta hurrengo eguneko Gaztetxearen festarako, talo postua, karroza pixka bat aldatuta. «Ez genuen espero hainbeste jende mugitzea. Gu karrozan gindoazen, gure juerga egiten, eta bat-batean taberna batetik bestera mugitzean atzetik sekulako jendea zetorrela ikusi genuen. La letxe izan zen!». Larunbatean, taloak egin eta egin jardun zuten, baita batzuk saldu ere! «Tolosako karrozetan bezala, gu ere paperean sartzen gara, eta musikak lagunduta, ondo pasatzen dugu eta pasarazten dugu».

Baina hura urte gogorra izan zela ere gogoratu du Lakiolakoak, karroza «eskuz bultzaka eta tiraka» jaitsi zutelako baserritik kalera, «eta gero igo, noski». Orain traktorearekin mugitzen dute, haren erremolkearen gainean jarrita.

Urtetik urtera aurrekoaren maila gainditzen ahalegintzen dira. Aurten ere ez dute hutsik egingo. «Ostiraletako inauteriak sekulako indarra hartzen ari dira, kanpotik jende asko etortzen da, urtero egoten da karroza berriren bat, mozorro landuak… Indartsu dago festa, eta guk gure alea jarriko dugu».

Ferianteen kaseta, 2018an ateratako lehen karroza.Ander Ibarguren

Oktober Fest karroza, 2022koa.Ander Ibarguren

HITZAkide HITZAkide

 

ELKARRIZKETAK

ERREPORTAJEAK

KIROLA

Azken bideoak

 

Argitalpen bereziak

Gipuzkoa