Unidad Alavesa, disko berriarekin izaerari fidel
Laugarren diskoa argitaratu du Ataungo musika taldeak, ‘Motoki, zakurreki, egurreki...’. Orain arteko sei urteetan landutako estiloan, hamar abesti berri dira. Martxoaren 9an hasiko dute aurkezpen bira.
Unidad Alavesa talde ataundarreko bost kideak. Hitza Beti ekartzen du zerbait berritik Unidad Alavesak. Tituluaren hitz jokoaren jolasa, lehenik. Sakanan hitzen bukaerako n ezabatzeko duten ohitura gustatua, «eta japoniar ukitua emateko», Motoki, zakurreki, egurreki… izendatu dute laugarren lana. «Graziosoa iruditu zitzaigun, eta nola argazkian tipoa motoarekin, zakurrarekin eta atzean egur piloa duela azaltzen den…», azaldu du Haritz Artolak.
Azaleko argazkia bera, bestea. Mikel Munduate Mikel Txiki ataundarrari eman diote oraingoan ohorea, azaletan Ataungo pertsonaia bereziak aurkezteko duten ohiturari segika. «Argazki saioan modelo askok okerrago egingo zuten! Hamar azal atera zitezkeen handik».
Xehetasunak gora-behera, Unidad Alavesaren nortasun bete-betea dakar berriro taldeak disko berrian. Urtebete oholtzetatik urruti ibili dira, arnasa hartzeko eta sortzeko «ondo» etorri zaien denbora hartuta. Baina betiko bostak, betiko musika sarkorra puntu bat goratuta itzuli dira, letra esanahitsuekin kritikak eta kratakrak egitera.
Bi kantu aurreratu dituzte dagoeneko plataformetan: Morir en Argentina hilaren 2an (azalean Munduatek hango selekzioaren elastikoa du), eta atzo bertan Mesias berri bat.
Baina eskola zaharrekoak dira, euskarri fisikoaren zaleak, «eta estudioa ere ordaindu beharra dagoenez», CDak ari dira salmentarako banatzen. Ataunen Troskaeta, Urbieta eta Sutegi tabernetan, Lazkaon Malantza, Herriko, Giroa eta Goierri Konpetin, eta Beasainen Irizar tabernan eta Behin Betiko Tattoo estudioan jarri dituzte (10 euro).
Ondarroan lehena
Erreproduzitzailerik ere ez duten gazteentzat-eta, martxoan igoko dituzte gainerakoak sarera. Biniloak ere aterako dituzte.
Aurkezpen birari martxoaren 9an Ondarroan (Bizkaia) ekingo diote, Portuko Ranpin, 22:00etan, Dei taldearekin batera. Arrasaten (14an), Bilbon (15), Gasteizen (16), Igorren (22) eta Iruñean (23) ariko dira gero.
San Prudentzio jaietan Lazkaon ere joko du Unidad Alavesak. Martxoan hasiera indartsua emanda, hilean pare bat kontzertu emanez jarraituko dute.
Artza Records zigiluarekin atera dute. «Gu gara Artza Recordsen produktu izarra, eta guk mantentzen dugu zigilua», dio, umoretsu, Artolak. Fredi Pelaezekin segitu dute grabatzen, gertuko, ulerkor eta etxeko duten Beasaingo Pottoko estudioan.
Hamar abesti dira, zazpi euskaraz eta hiru gaztelaniaz. Berritasun gehiago ere baditu: «Balada bat badala», hitz jokoa eginez Artolak dioen bezala, bat. Gabiriko seiak azken kantaz ari da, 1937an Bizkargin hil ziren Amaiur batailoiko sei gudari gabiriarren omenez.
Asebeteta geratu dira eurak; letrekin pozik, musikarekin eta soinuarekin gustura. «Gure obra gailurra izango dela iruditzen zait». Txantxetan ala serio ari diren, entzuleak epai beza.












