Beasain tentsio handiko eremu izendatzea eskatuko dio EH Bilduk udalbatzari
Jaurlaritzaren Etxebizitzaren Behatokiaren txostenaren arabera, Beasainek tentsio handiko eremu izendatzeko baldintzak betetzen ditu. EAJk bere mozioa aurkeztuko du
Otsailari dagokion osoko bilkura egingo du Beasaingo Udalbatzak bihar, osteguna, 18:00etan hasita. Udal ordezkariek landuko dituzten gaien artean, EH Bilduren mozioa dago, Beasainen etxebizitza eskuratzeko dauden arazoen ingurukoa.
Etxebizitzaren Euskal Behatokiaren txostenaren arabera, 2023 urteko abenduaren 14an argitaratu zena, Gipuzkoako hamabost udalerrik tentsio handiko eremu izendatzeko baldintzak betetzen dituzte. Horien artean dago Beasain. Goierrin, Ordiziak eta Lazkaok ere betetzen dituzte baldintzak.
Hori horrela, Beasaingo EH Bilduk, eskaera zehatza egingo dio Udalbatzari: Udalak, Beasain tentsio handiko eremu izendatzeko eskaera formala egin dezala, memoria batekin batera, zeinetan etxebizitza-eskaintzaren eta prezioaren egoera eta bilakaera adieraziko den eta ekintza-plan espezifikoa jaso dezala, zeinetan Jaurlaritzak jada zehaztutako tentsio handiko eremu etxebizitzaren eskaintza eta eskaria orekatzeko neurri zehatzak zehaztuko diren.
Izan ere, EH Bildurentzat «lehentasunezkoa da herritar guztien etxebizitzara sarbidea bermatzea», eta horretarako abiapuntua, «herriko egoerak behar du izan».
Herritar guztiek etxebizitza duina izateko eskubidea bermatzea eta horretarako baliabideak jartzeko erantzukizuna «erakunde publiko guztiena» dela dio EH Bilduk.
Bide horretan lehenengo urratsa, herrian udalak azterketa bat egitea dela uste dute. Horregatik, 2023ko urriko osoko bilkuran Beasainen etxebizitzaren egoera ezagutzeko eskaera egin zuten, hutsik dauden etxebizitzak, alokairu zein salmenta prezioak, etxebizitza publikoa eskuratzeko zain daudenen kopurua eta perfila katalogatzeko.
Gainera, gogoratu dute, Espainiako zein Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Etxebizitza Legeek baliabideak eskaintzen dituztela etxebizitzan esku-hartzeko. Lehenengoak alokairuari muga jartzeko aukera ematen du tentsio handiko eremu izendatuz gero,eta bigarrenak hutsik dauden etxebizitzak merkaturatzeko.
Eusko Alderdi Jeltzaleak ere gai berdinaren inguruko beste mozio bat aurkeztuko du.