Gazte eusko-estatubatuarren Ateak Ireki programa izango da aurten ere
Udan hiru asteko egonaldia egingo dute Goierrin AEBetako euskal jatorridun gazteek. Familiak lortu nahi dituzte, etxean hartzeko eta sarea josteko. Izena emateko epea zabalik dago.
![](https://goierri.hitza.eus/site/files/2024/02/ateak_ireki_2024_programak.jpg)
Jatorri euskalduneko gazte estatubatuar talde bat Goierrira etorriko da, 2024ko udan ere. Iaz abiatutako Ateak Ireki programak aurrera jarraitzen du, eta aurten ere garatuko dute ekimena. Euskal Herriko familien eta diasporakoen artean hartu-emanak sortzea, zubiak eraikitzea eta etorkizunerako maila ugaritako erlazioa indartzea dira programaren helburuak.
AEB Amerikako Estatu Batuetako euskal etxeen NABO elkargoarekin elkarlanean ari dira aurten ere Ateak Ireki gorpuzten. Dagoeneko 36 gazte estatubatuarrek eman dute izena; martxoaren 5ean amaituko zaie haiei izena emateko epea.
Bien bitartean, gazte horiek etxean hartuko lituzketen familiak nahi dituzte. Goierrin du sorburua eta erdigunea Ateak Ireki programak, eta Goierriko etxeetako ateak irekitzea behar dute.
Ekainaren 22an, larunbatarekin, helduko dira programan parte hartuko duten gazte eusko-estatubatuarrak Goierrira. Uztailaren 14ra arte, igandea, hiru asteko egonaldia egingo dute eskualdean.
Harremanei garrantzia
Dagoeneko ondu dute hiru asterako egitaraua. Aldaketa batzuk egin dituzte iaztik, esperientziaren balorazioak erakutsitakoak. Nahiz eta Euskal Herrian barrena ibiliko diren hiriak, herriak, ekitaldiak eta erakundeak ikusten, batez ere eguneroko bizitzari eta euskara ikasteari emango diote pisu handiagoa aurten. Eta gazteen arteko hartu-emanak egiteari.
Etorkizun hurbilean, Goierriko gazteek egonaldia AEBetan egiteko haranzko bidea ere irekitzekotan dira; 2025erako ari dira joan-etorriko programa hori diseinatzen, AEBetako euskaldunen Jaialdia ospatuko dela baliatuta, besteak beste.
«Gazteok askotan ez dakigu nondik joko dugun, ez dakigu zeintzuk diren gure anbizioak, eta gure etorkizuna oso argi ikustea kostatu egiten da. Horrelako ekimen batek egiten duena da gure burua ere hemendik kanpo kokatu, gure antzekoak direnekin baina oso urrun bizi direnekin. Gure egunerokoan motibazio berriak aurkitzeko aukera ere bada», azadu du Ateak Irekiko koordinatzaile Ander Elorduik.
Diasporako gazteekin antzekotasunak eta desberdintasunak partekatzeko, harreman-sareak zabaltzeko, eta ezagutza zabaltzeko ere «aukera ona» dela iritzi diote sustatzaileek. «Nork daki non bukatuko dugun, orduan, garrantzitsua da apurka-apurka gure ikuspuntua zabaltzea. Animatu gazte bat etxean hartzen, luzera begira harremana mantentzeko aukera ere badelako», gehitu du Elorduik.