Arana tabernak ateak itxi ditu
Atzo arratsaldean izan zen Arana tabernaren azken eguna. Bertsoa eta lore sortak izan ziren esker ona adierazteko.
Espero baino jende gehiago bildu zen atzo arratsaldean Ormaiztegiko Arana tabernan. Oroitzapenak gogora ekartzeko arratsaldea izan zen, atzera begiratu eta Aranan bizitakoak elkarri kontatzekoa. Izan ere, 55 urteren ondotik, ateak itxi ditu ormaiztegiarrentzat erreferente izan den bilgune honek.
Arana tabernako Goiatz Aranak kontatu duenez, Arana taberna 1968an ireki zuten aita Teodorok (1996an zendu zen) eta haren anaia Ignaciok. 55 urtetan familiaren negozioa izan da taberna. Teodoro zenduta, Maritxu Begiristain emaztea, Mari Jose Arana alaba (Goiatzen ahizpa zaharrena) eta Josune Begiristain iloba (Goiatzen lehengusua) egin ziren tabernaren kargu. Maritxuk aspaldi hartua zuen erretiroa eta Josune Begiristaini iritsi zaio txanda orain. Arrazoi horregatik hartu dute taberna ixteko erabakia.
Egun “arraroak” izaten ari direla aitortu du Goiatz Aranak: “Bagenekien une hau noizbait iritsiko zela, beti izan dugu buruan, baina unea iristean arraro egiten da”, esan du. Ez dute “festa berezirik” antolatu agurrerako, “pasa den ostegunean pintxo batzuk prestatu genituen lagunentzako”, esan du. Atzo, osteguna izanagatik jende asko gerturatu zen, “oso itxiera polita izan zen”, dio Goiatzek, “jendea oso eskertuta dago, gauza polit asko esan dizkigute”.
Olaia Aranak Goiatzen eta Mari Joseren ahizpak bertso bat idatzi zuen, atzo arratsaldean tabernan bildutako guztien artean abestu zutena, agur moduan —tabernako atean utziko dute jarrita, urte guzti hauetako bezero eta lagunei eskerrak emateko—. Maritxu Begiristain, Josune Begiristain eta Mari Jose Aranari lore sorta bana eman zizkieten, “urte guzti hauetan egindako lana eskertzeko”. Tabernaren ardura Maritxu, Josune eta Mari Joserena izan bada ere, “Olaiak asko lagundu” diela esan du, “berari ez genion lore sortarik eman, baina merezita zuen”, aitortu du ahizpak. Gaurtik aurrera etapa berri bat hasiko da Aranatarren etxean, baita ormaiztegiar guztien egunerokoan ere.