Goierriko baserritarrak abiatu dira Donostiarantz
Legorretako tren geltokiaren ondoko aparkalekuan elkartu dira hainbat eta hainbat baserritar 'Gipuzkoako lurra esnatuko den eguna' protesta egunarekin bat egiteko.
Goierriko baserritarrak 09:00ak aldera abiatu dira Legorretatik gaurko egunerako EHNE eta Enba sindikatuek eta Gipuzkoako Baso Elkarteak deituta duten Gipuzkoako lurra esnatuko den eguna protesta egunarekin bat egiteko.
Traktoreak eta ibilgailuak lehen sektorearen aldeko pankarta eta mezuekin atonduta zituztela elkartu dira 08:30ean Legorretako tren geltokiaren ondoko aparkalekuan. Tolosaldeko baserritarrekin bat egingo dute gero, eta 10:00etan Andoainen egotea da asmoa.
Ondoren, A-15tik Martuteneraino joango dira, eta gero, Loiola auzotik eta Urumea ibaiaren ertzetik barrena, Bulebarrera, Urbieta kalera eta Ilunbera joko dute, Miramonen bukatzeko.
Miramonen dagoen Gipuzkoako Batzar Nagusien egoitzan bukatuko dute protesta. Han, ekitaldi jendetsua egitea espero dute eta hantxe irakurriko dute deitzaileek adostu duten Manifestua. Segidan, Batzar Nagusietako ordezkariei emango diete dokumentua.