Kadete mailako Usurbe txirrindularitza proba jokatuko da bihar
Kadete mailako 42. Usurbe txirrindularitza proba jokatuko da bihar, larunbata, Gipuzkoako txirrindularitza Federazioak, Loinatz Txirrindularitza Elkartearen laguntzarekin antolatuta. Honekin, Beasaingo txirrindularitza egutegiari hasiera emango zaio.
Kadeteen mailako proba da bihar Goierrin eta Tolosaldean barrena jokatuko dena. Ia 40 kilometro osatu beharko dituzte Beasainen hasi eta buka. 10:30ean abiatuko da tropela, eta antolakuntzaren iragarpenen arabera, 11:30ak inguruan iritsiko da lehenengo sailkatua.
Beasaingo Nafarroa etorbidetik abiatuta, Ordizia aldera egingo dute N-1 errepidetik, eta GI-2131 errepidetik Itsasondo zeharkatuta Alegiaraino joango dira. Bertan, atzera Beasainera egingo dute, eta tarteko helmuga igarota, lasterketaren bigarren zatian sartuko dira. Puntu honetara iritsita 10 kilometro geratuko zaizkie aurretik, tartean Olaberriko gaina. Handik, Lazkaora jaitsi, eta segidan, helmugara iritsiko dira.
Emakumezkoen proba
Hurrengo hitzordua, Emakumezkoen laugarren Igartza saria izango da, Espainiako koparako puntuagarria izango dena. Martxoaren 17an izango da.