Astelehenean irekiko dute Ordiziako osasun zentro berria
Erabat berritu dute anbulatorioa. Bi milioi euroko inbertsioa egin du Osakidetzak.
Astelehenean, martxoaren 18an, irekiko dute Ordiziako osasun zentro berria, erabat berritu ondoren, lehen zegoen leku berean, Etxezarreta kaleko 11 zenbakian, alegia. Lanak egiten aritu diren bitartean, osasun zentroko azpiko lokaletan eta Domingo Unanue plazan jarritako moduluetan egon da anbulatorioa.
Bi urte iraun dute berritze lanek. Osakidetzak bi milioi euroko inbertsioa egin du osasun zentroaren azalera handitu eta espazio berriak sortzeko. “Azken urteetan hazkunde nabarmena izan duen biztanleriaren beharrei erantzuteko” egin dituzte berritze lanak, Osakidetzak ohar batean azaldu duenez, eta hala, “osasun zentro handiagoa, modernoagoa eta hobeto hornitua” izango da Ordizian.
Osasun zentroa Goierri-Urola Garaiko ESIaren barruan dago. Azalera erabilgarria 1.050 metro koadrora handitu da. Hauek dira hobekuntzetako batzuk:
- Familia-medikuntzako 8 kontsulta. Lehen, 6 ziren.
- Erizaintzako 8 kontsulta. Lehen 5 ziren.
- Lehen Mailako Arretako fisioterapeutaren kontsulta bat.
- Pediatriako 2 kontsulta (berriak).
- Pediatria-erizaintzako 2 kontsulta (berriak).
- Emaginen kontsulta bat (berria).
- Botikina.
- Erauzketa gela.
- Proba funtzionalen gela.
- Larrialdietarako gela.
- Liburutegia.