Idiazabalgo Udalak eta Lazkaoko Beneditarren Fundazioak hitzarmena sinatu dute
Idiazabaldarrek fundazioa bertatik bertara bisitatzeko aukera izango dute. Hitzarmena hiru urterako sinatu dute. Idiazabalgo Udalak fundazioa babesteko konpromisoa hartu du.
Idiazabalgo Udalak jakitera eman duenez, Lazkaoko Beneditarren Fundazioarekin (LBF) elkarlanerako hitzarmena sinatu dute. Horri esker, idiazabaldarrek fundazioa bisitatu eta haien lana bertatik bertara ezagutzeko aukera izango dute. Udalak, bere aldetik, fundazioak egiten duen lana babesteko konpromisoa hartu du, datozen hiru urteetarako.
Bisitek ordu eta erdiko iraupena izango dute, eta Juan Jose Agirrek (LBFren zuzendariak) eta Miren Barandiaranek (dokumentazio gunearen arduradunak) gidatuko dituzte. Bisitak 10-15 laguneko taldetan banatuko dira, eta nahi duten elkarte, talde eta norbanakoek parte hartu ahal izango dute. Bisitariek fundazioaren dokumentazio-zentroa eta bertan egiten diren ikerketa eta kontserbazio lanak ezagutu ahal izango dituzte, baita beneditarren monasterioko biblioteka ere. Horrela, fundazioak jasota duen ondare dokumentalaren balioa eta erabilgarritasuna agerian utzi nahi dute.
Ondarea ikertzea helburua
Beneditarren Fundazioa 2011. urtean sortu zen, Euskal Herriko ondarea ikertu eta zabaltzeko helburuarekin. Beneditarren artxiboa oinarri hartuta, fondo aberatsa kudeatzen dute, batik bat, euskal politikagintza eta gizarte mugimenduen kartel, pegatina eta bestelako agiriei dagokiona.
Fundazioa bere funtsak ezagutarazi eta jendartean kontzientzia zabaltzeko ahalegina egiten ari da, eta gizarteratze lan horretan, Goierriko udalei hitzarmena sinatzea proposatu diete, bisita gidatuen bitartez, goierritarrek zentroan gordetzen diren funtsak ezagutu ditzaten.
Idiazabalgo udalbatzak azken osoko bilkuran aho batez onartu zuen hitzarmen honi bide ematea, eta hil honen hasieran, Rufino Mujika Beneditarren Fundazioko arduradunak eta Iñaki Alberdi alkateak sinatu dute agiria. Hitzarmenak hiru urteko balioa du (2024-2027) eta Idiazabalgo Udalak, biztanleko 0,3 euroko diru-laguntza (guztira 687,9 euro) emango dizkio fundazioari, urteko, epealdi horretan.