Gazta ardatz hartuta, eskaintza turistikoa prest dute Idiazabalen Aste Santurako
Gaztaiñaditxulo eta J. Aranburu gaztandegietara bisitak egingo dira. Gaztaren Interpretazio Zentroan ordutegi zabala izango dute. Haur eta gazteentzat ekintza bereziak, Gaztelekuan.
Aste Santuko jai egunak hurreratzen ari direla eta, gazta ardatz izango duen eskaintza turistikoa prestatu dute Idiazabalen. Herriko Gaztaiñaditxulo eta J. Aranburu gaztandegietara bisita gidatuak, Gaztaren Interpretazio Zentroaren eskaintza eta herria ezagutzeko saioak bildu dituzte egitarau oparoan.
Idiazabalgo Gaztaren Interpretazio Zentroak ordutegi zabala izango du opor egunetan. Irekita egongo da 11:15etik 12:30era eta 16:00etatik 17:15era. Bisitariaren gustura egokitutako bisitak antolatu dituzte, 35 minutu eta 45 minutu artekoak. Martxoaren 29an, Gaztaiñaditxulo baserriak ateak irekiko ditu beste behin. Ander Barandiaran artzain eta gaztagilearen eskutik baserriko eguneroko jarduna bertatik bertara ezagutu eta gaztaren prozesuaren xehetasunak ezagutzeko aukera izango dute bisitariek. Helduentzat 12 euro eta haurrentzat 6 euroko prezioa dute bisitek. Izena emateko 618 721 473 zenbakira deitu daiteke.
J. Aranburu gaztandegian Idiazabal gaztaren ekoizpena ezagutzeko aukera izango da. Bisitak goizero egiteko aukera izango da. Ordutegiak zehaztu eta prezioen berri jakiteko 649 655 962 (Olatz) zenbakira deitu behar da.
Ekintza bereziak Gaztelekuan
Xarma duen herria izenarekin Idiazabal sakonean ezagutzeko bisita gidatuak ere antolatu dituzte. Herriko leku eta elementu esanguratsuenak ezagutzeaz gain —asko gaztarekin lotutakoak— indianoek herrian utzitako oinordekotzaz jakiteko aukera ere izango da. Apirilaren 3an eta 6an egingo dira, 17:15ean Gaztaren zentrotik hasita. Ordu beteko iraupena izango dute eta doakoak dira. Gaztaren Interpretazio Zentroa bisitatzeko, zein, herriko bisita egiteko 943 18 82 03 zenbakian edo info@idiazabalturismo.com web gunean izena eman beharko da.
Bestalde, herriko haur eta gazteei zuzenduta, martxoaren 26an eta 30ean eta apirilaren 3an eta 5ean ekintza bereziak egingo dira Gaztelekuan, 11:00etatik 14:00etara. Apirilaren 3an egun osoko irteera antolatu dute.