Haizea Millanek diseinatu du Lazkaoko jaietarako irudia
Lazkaoko aurtengo San Prudentzio festa nagusiek badute irudia. Haizea Millan diseinatzaile lazkaotar gazteak egin du karteleko eta egitarau-azaleko irudia, udaleko Festa Batzordeak deitutako lehiaketara aurkeztuta.
Zortzi lagunen beste hainbat proposamen jaso dituzte. Hautaketa burututa, «ilustrazio distiratsu eta koloretsu baten bidez jaien alaitasuna eta espiritu komunitarioa sintetizatzeko duen gaitasunagatik» aukeratu eta saritu dute Millanen lana. 200 euroko saria jaso du.
Unerik onenen kalejira
Lazkaoko jaien ezaugarrietan pentsatu, eta horiek nola irudikatu izan du erronka. «Niretzako Lazkaoko jaiak batasun momentuak dira, herritar guztiok helburu berarekin ateratzen gara kalera», azaldu du Haizea Millanek.
Sentimendu hori kalejira batekin irudikatu du, «unerik onenak» sartuta. Lazkaoko banderaren kolore horia mantendu du.