Gipuzkoako txoko ezberdinetatik atletismo txapelketara
200 gaztetxo inguru elkartu dira Altamiran Gipuzkoako ikastetxe eta kluben arteko atletismo txapelketan. Gipuzkoako zenbait txokotatik etorri dira eta disziplina ezberdinetan trebatzeko eta lehiatzeko tartea izan dute.
Gaur goizean Ordiziako Altamirako estadioa izan dute topaleku Gipuzkoako atleta gazteek. Ordiziako Txindoki atletismo taldeak antolatu ditu ikastetxe eta kluben arteko topaketa hauek eta bertan, 12urtetik hasi eta 14ra bitarteko atletak elkartu dira, disziplina ezberdinetan trebatu eta lehiatzeko asmoz. 200 atleta inguru batu dira gaurko topaketan eta Gipuzkoako txoko ezberdinetatik etorri dira, hala nola, Hernani, Elgoibar, Donostia, Tolosa eta abar. Gorako jauziarekin eman diote hasiera goizari, 10:00etan eta ondoren, bata bestearen atzetik eginez joan dira, izan luzera jauzia, pisu jaurtiketak, 1.000, 500 eta 80 metro korrika, eta errelebo lasterketak. Gerturatu diren gazteetako zenbaitek aipatu dutenaren arabera, «goiz polita izan da gauza desberdinak probatu eta beste herrietako atletak ezagutzeko». Harmailetatik berotasun handia jaso dute gazteek eta giro aparta izan dute goiz osoan zehar. Guraso batzuk diote «lehia izateaz aparte jai-giroa dela nagusi harmailan ere».













