Ixidro Sukia omendua eta Gaztañaditxulo gaztandegia garaile Gazta Azokan
Gaztañaditxuloko Ander Barandiaranek eraman du lehenengo saria gaurko Idiazabalgo Gazta Azokako lehiaketan. Horrez gain, Ixidro Sukia omendu dute bere ibilbideagatik.
Gazta Azoka izan dute asteburuan zehar Idiazabalean. Bi egunetan zehar egitarau oparoa antolatu dute eta denetariko ekintzak izan dira, guztiak gaztarekin lotuak, noski. Igande goiza oso jendetsua izan da, izan ere, eguraldia ere portatu da gaurkoan bertara gerturatu direnekin. 30 postu jarri dituzte eta horietako 17 postu izan dira Hego Euskal Herriko gaztagileenak, hauek presentzia nabarmena hartuz. Hala ere, Ipar Euskal Herriko zein Euskal Herritik kanpoko zenbait gaztagile ere izan dira bertan, guztira 23 gazta postuko kopurura iritsiz. Gainontzeko 7 postuak edarienak izan dira.
Familia-giroa izan da nagusi Idiazabalen gaur goizean, nahiz eta zenbait idiazabaldar lagunartean ere irten diren gaurkoan kalera. Belaunaldi desberdin ugaritako jendea izan da gaurkoan gazta azoka ikusten eta giro bikaina izan dute.
Gazta Lehiaketa
Gaurkoan gazta lehiaketan 13 gaztak hartu dute parte. Bertaratu direnek hauen inguruko haien iritzia emateko aukera izan dute eta 200 pertsonatik gora aritu dira gaztak dastatzen eta haien iritzia ematen. Eguerdiko 14:00etan eman diote ondoren hasiera sari banaketari. Bosgarren postuan Ilarduiako (Araba) La Leze geratu da. Segika, bi gazta izan dira ea zein gailenduko, baina norgehiagoka berdinketan geratu da, 3. postua Gabiriako Baztarrikak eta Elgoibarko Mausitxara joanda. Bigarren postuan, berriz, Arbelar eta lehenengoan, Gaztañaditxulo. Gaztañaditxuloko Ander Barandiaranek jaso du saria eta hitz batzuk botatzeko aukera izan du eta ondorengoa esan du, hunkiturik: “Sari hau amari eskaini nahi diot. Gaztandegi handi baten atzean atzean beti emakume handi bat baitago. Eskerrik asko, ama!”.
Lehiaketaz gain, bertaratutako jende ugari izan da aurten ere omenaldiaren unea itxaroten pasa dutenak goiza. Aurtengoan, Ixidro Sukia izan da omendua. Sukia Bordaberri baserriko artzain familia bateko hirugarren belaunaldia da eta bizitza osoa igaro du gaztagintzan. 2019an erretiroa hartu zuen, baina ez du etxeko ohitura jarraipenik gabe utzi, izan ere, txiki-txikitatik bere semeari, Ikerri, helarazi dizkio artzaintzaren eta gaztagintzaren balore guztiak eta orain, berak hartu du gidaritza.