2023an jaiotako haur ordiziarrentzat zapi urdina
Nahiz eta atzerrian bizi, familiek aukera izango dute haurrari zapi urdina jartzeko. Datuak bidali behar dituzte udaletxera. Ordizian bizi direnei ekintzarako gonbidapena aurrerago bidaliko diete etxebizitzetara.
2023an egindako ekitaldia.Ordiziako Udala. Ordiziako Udalak ongietorria egingo die 2023an jaio diren haurrei. “Ekimen berezi honen bidez Ordiziako komunitatera batu zaizkigun haurrei ongi etorria emango diegu. 2023an jaiotako haurrak eta haien familiak Plaza Nagusian elkartuko gara uztailaren 20an, eta Ordiziako ikur den zapi urdina jarriko zaie lepoan. Ekintza sinbolikoa bada ere, badakigu ilusio handia egiten duela”, azaldu du Adur Ezenarro, Ordiziako alkateak. Hala ere, alkateak nabarmendu du jakitun direla iaz jaiotako haurren familia guztiak ezingo direla ekitaldira bertaratu, baina horientzako ere gonbidapena zabaldu du: “Nahiz eta atzerrian bizi, familiek aukera izango dute haurrari zapi urdina jartzeko”.
Kasu horretan, atzerrian bizi eta zapia jaso nahi dutenei komunikazioa@ordizia.eus helbidera datu hauek bidaltzeko eskatu diete udaletik: haurraren izen-abizenak, jaioteguna eta helbidea. “Modu horretan, ekitaldira ezin baduzue bertaratu zapi urdina bidaliko zaizue zuen etxebizitzetara”. Ordizian bizi direnei ekintzarako gonbidapena aurrerago bidaliko diete etxebizitzetara. Uztailaren 20an izango da ekitaldia.

Santa Ana jaietan jarriko diete zapia 2023an jaiotako haurrei.Ordiziako Udala.













