Pintxoak eta auzo giroa Altamirako jaietako azken egunean
Altamirako bizilagunen elkarteko kideek pintxoak prestatu dituzte eta igande goiza auzo giroan pasa dute.
Ordiziako Altamira auzoan jaiak ospatu dituzte asteburuan eta gaur dute azken eguna. Horregatik, Altamirako bizilagunen elkarteko kideek pintxoak prestatu dituzte eta auzoko bizilagunak zein Ordiziako gainontzeko herritarrak bertara gonbidatu dituzte, giro goxoan amaiera emateko jaiei. Goizeko 12:00etan jarri dute hitzordua eta jarri dute plantxa martxan. Txorizo pintxoak eta txanpiñoiak izan dituzte gaur goizean dastatzeko bertaratu direnek. Bokatak eta hanburgesak ere egin dituzte, bakoitzaren gustura osagaiak jartzeko aukerarekin.
Jakiez gain jolaserako tartea ere hartu dute, batez ere haurrek. Tokan jolasteko aukera izan dute, baita puzgarrietan saltoka aritzekoa ere. Auzo giroa izan da nagusi Altamira auzoko karpan. Arratsaldean, musika eskaintza, Martarekin eskulanak eta Txoborro magoa izango dituzte eta sardinaren hiletarekin agur esango diete aurtengo jaiei.














