Ainhoa Egurbide urretxuarrak Goierriko Hitzaren Udako Argazki Lehiaketako saria jaso du
GOIERRIKO HITZA egunkariak ia hasieratik, urtero antolatu duen 19. Udako Argazki Lehiaketak atzo izan zuen amaiera, Lazkaoko Biziola gunean egin zen sari emate ekitaldiarekin. Bertan izan ziren hiru sariak lortu dituzten irakurle argazkizaleak. Udan, oporretan edota bidaian ateratako erretratu bana bidali zuten lehiaketara. Hitzakideen artean bi sari izendatu ditu GZPixels argazkigintza etxeko Gorka Gomez argazkilariak, partaide guztien artean baloratuta eta epaituta.
Aurreneko saria Urretxuko Ainhoa Egurbidek lortu du, Galiziako Foz herriko Katedraleen Hondartza deiturikoan ateratako Hau bai katedral dotorea! lanarekin. Barraskilo autokarabana etxeak eskainita, bi lagunek bi gau eta egun igaro ahalko dituzte, autokarabana batean. Normalean turistaz eta bainulariz josita egoten bada ere, hondartzaren ezohiko patxadazko irudia islatzea lortu zuen Egurbidek, formazio geologiko ikusgarriekin batera.
Bigarren saria Jon Esnaola idiazabaldarrak lortu du, Zarauzko hondartzaren itsasbeherako ikuspegi laua urrunetik hartuta –Santa Barbara gainetik–. Olaberriko Zezilioenea ostatuak eskainita, bi lagunentzat otordua jaso du saritza, jatetxe hartan.
Irakurleek botoz izendatutako saria, berriz, Jone Galparsoro ordiziar gazteak jaso du. Hondartzako irudi bat aurkeztu du Galparsorok ere, baina artistikoa, uretan ispilatzen diren bainularien isletan zentratuta. Alzuri argazki etxean 70×50 neurrira handitu ahalko du argazki bat.
Sari emate ekitaldian izan ziren Goierriko Hedabideetako Miren Sudupe eta Idoia Mendez kudeatzaileak. Otamen bat eginez ospatu zuten lehiaketaren bukaera, sarituekin eta parte hartu duten zenbait irakurlerekin.