Kultur aniztasunari eskainitako eguna izango da urriaren 19a Legazpin
Udalak eta Hotz Legazpi elkarteak antolatu dute, jatorri ezberdineko herritarrak elkartzeko helburuz. Jai egitarau zabala prestatu dute.
Legazpiko Kultur Arteko Egunaren antolatzaile eta partaideetako batzuk.Tere Madinabeitia Kulturen arteko eguna izango da urriaren 19a Legazpin. Herriko kultura aniztasuna erakusteko asmoz, udalak eta Hotz Legazpi elkarteak egitarau zabala prestatu dute larunbat horretarako. Plazan, postu ugari izango dira, jarduera asko, eta gastronomia eta musika ez dira faltako. Asteartean aurkeztu zuten Legazpiko Kulturen Arteko Eguna udaletxean, Miryam Galilea zinegotziak eta Hotz Legazpiko Lerire Maizek eta Miren Iriartek. Udaletxeko pleno aretoan egin zuten aurkezpenean, herrian bizi diren jatorri ezberdineko legazpiarrak ere izan ziren.

Miren Iriarte, Miryam Galilea eta Leire Maiz, aurkezpenean.
Galileak azaldu zuenez, “aniztasun handiko herria dugu Legazpi”. Egunean bertako datuei erreparatuz, 8.448 biztanlek osatzen dute herria, eta horien artean 52 lurralde desberdinetatik etorritakoak daude. Kultura desberdin horiek ikusgai egiteko nahiarekin antolatu dute festa giroa nagusi izango duen Kulturen Arteko Eguna.
Ez da lehenengo aldia antzeko kultura topaketa egiten dena Legazpin, bere garaian Oripavi elkarteak ere antzeko festa bat antolatu izan zuen, bost urtetan zehar. Orain, “indarrak berrituta eta gogo biziz” heldu diote berriz ere antzeko festa ospatzeko asmoari, eta Hotz Legazpi izan dute alboan.
Egun osorako egitaraua
Leire Maizek gogoratu zuenez, urte hasieran hasi ziren ospakizun honetarako prestaketa lanekin. Bilera irekia egin zuten, eta herrialde desberdinetatik etorritako bizilagunak joan ziren, herriko elkarte batzuekin batera. Pixkanaka egitaraua osatzen joan ziren, eta datorren asteko larunbatean gauzatuko dira bertan bildutako ekintzak.
Hamaika herrialdetako ordezkariak izango dira urriaren 19an plazan: Kuba, Pakistan, Honduras, Peru, Nikaragua, Argentina, Senegal, Maroko, Venezuela, Mendebaldeko Sahara eta Euskal Herri. Janari postuak jarriko dituzte eta ondoan mahaiak eta aulkiak bertan jateko, bitxiak eta artisau lanak izango dira salgai Pitxiar, Mor Mbathie eta Mikromakrame postuetan, hainbat jarduera eta jolas egiteko aukera izango da, musika eta dantza emanaldiak izango dira, eta Katxalin elkarteak ere izango du ordezkaritza.
Festa giroan ospatuko da Kulturen Arteko Egun hau, plazan. Egun osoko egitaraua izango du, 12:00etatik 18:30era, eta eguraldi txarra egiten badu, Azokan ospatuko da guztia.
Hotz Legazpiko Miren iriartek, bere aldetik, eskerrak eman zizkien egun horren antolaketan parte hartzen ari diren guztiei, eta aipamen berezia egin zion Libe Andueza ilustratzaile legazpiarrari, egunaren logotipoa diseinatu duelako. “Logo horretan gure iritzia islatzen da: guztiok partaide garen herri bat nahi dugu, elkarbizitza adeitsua, errespetutsua, enpatikoa, askotarikoa, antirrazista… indartuz”.
EGITARAUA
Urriak 19, larunbata
12:00 Janari postuen irekiera
11:45-12:30 Legazpiko Labbatu batukada.
12:30-13:30 Musika eskolako kideen emanaldia, lurralde ezberdinetako kantuekin.
12:00-14:00 Jarduerak: henna, mikromakrame, txapak, trentzak, arabiar idazkera eta eskuekin margotzea.
13:30 Munduko dantzak: Korosti eta Sustraiak Palestinako dantzekin, eta Nikaragua eta Mendebaldeko dantzak.
16:00-17:00 Ipuin kontaketa Betzaida Urtazarekin
17:00 Jolasak Sorgintxulorekin.
17:30 Kawadeni taldea, Ginea Konakriko dantza eta musika












