Larrain-dantza, Urretxun eta Zumarragan sustraitu den dantza
Irrintzi dantza taldearen egunean, herritar ugari elkartu dira Areizaga-Kalebarren plazan, eguerdian. Larrain-dantza egin dute, dultzainaren doinuetara.
Goierrin larrain-dantzak inon sustrairik bota badu, Urretxun eta Zumarragan izan da. Herri dantza eta plaza-ikuskizun gisa barneratu dute nafar aldeko folkloreko koreografia hori. Herriko jaietan, larrain-dantza jendetsuak egin izan dituzte bi herrietako plazetan. Gaur, Irrintzi dantza taldearen eguna ospatzen dela eta, Areizaga-Kalebarrenen elkartzeko deia egina zuten eguerdirako. Eta, beste behin, jende ugarik erantzun dio planari, larrain-dantzari dioten estimuaren adierazle.
Dantza-pauso eta mugimendu ugariko dantza da, plazan borobilean eta luzetara garatzen dena. Biribilketaren erritmoak ditu, balsarenak, jota-fandangoarenak, lotuan eta soltean egiteko parteak, geldoak, arinak eta oso bizkorrak. Baita zubia ere. Dantza luzea da, baina kuttuna duten seinale, mimo handiz eta perpezioz egin dute urretxuarrek eta zumarragarrek. Tolosako Agirre dultzainero hirukoak jo die musika.
Irrintzi Eguna ari dira ospatzen gaur, Urretxu-Zumarragako dantza talde horretako kideak eta dantzariak, oro har. Goizean, Zumarragako plazan, haurrekin saio irekia egin dute lehenengo. Lagunarteko bazkariaren ondoren, arratsaldean jarraituko du festak. Hemen egitaraua.