Goierri-Donostia autobus zerbitzua «positibotzat» jo dute sozialistek
Zerbitzua martxan jartzeko Gipuzkoako aurrekontuak onartu beharko dira.
Gipuzkoako aurrekontuak onartzen badira, udaberritik aurrera Goierrik Donostiarekin konexioa izango du Lurraldebusen bitartez. Albistearen balorazio «positiboa» egin dute Ordiziako eta Beasaingo PSE-EEren udal taldeek. Zerbitzu berria martxan jartzen bada, Goierriko bizilagunek «garraio zuzenagoa eta irisgarriagoa» izango dute Gipuzkoako hiriburura. «Berri ezin hobea da bi udalerrientzat, eta sozialistek azken urteotan egin duten eskaera nagusietako bati erantzuten dio», nabarmendu dute. «Mugikortasun, Turismo eta Lurralde Antolaketako diputatu Azahara Dominguez sozialistaren prestutasuna eskertu nahi dugu, gure proposamenak eta eskualdeko eskaerak entzuteagatik. Konpromisoa hartzeagatik eta herritarren beharrei erantzuteagatik eta ekintzekin egiteagatik», adierazi du Ana Sanchez Ordiziako bozeramaile sozialistak.
Bestalde, Eva Gonzalez Beasaingo bozeramaileak gogorarazi duenez, «zerbitzu honen ezarpenarekin auto pribatuaren erabilera murrizten lagunduko da, herritar guztientzako alternatiba eraginkor, irisgarri eta jasangarri bat eskainiz».
Azkenik, Goierriko azpiegiturak eta garraio zerbitzuak «hobetzen jarraitzeko» konpromisoa erakutsi du PSE-EEk.