Gurasoen etxea uzteko afera
Egungo gazteek etxebizitza lortzeko arazoak dituzte, eta hori dela eta, Beasaingo Udalak alokairurako diru-laguntzak eskaini dizkie gazteei eta mugikortasun urritua duten pertsonei.
Geroz eta beranduago emantzipatzen dira gazteak, hori dio Gazteen Euskal Behatokiko azken txostenak. Etxea erosteko zein alokatzeko prezioak garestiegiak dira gaur egungo gazteentzat eta zailtasunak dituzte gurasoen etxetik joateko. Txosteneko datuen arabera, EAEko gazte gehienak 30 urte inguruan edo beranduago emantzipatzen dira, hain zuzen ere, gazteen %4,5 baino ez dago emantzipatuta 25 urte bete aurretik. 25 eta 29 urte bitartean %35,7 bizi da beren kabuz, eta 30 eta 34 urte artean, berriz, %75era igotzen da emantzipatutako gazteen kopurua. Egiturazko arazo honi aurre egiteko asmoz, instituzioek etxebizitzarako hainbat laguntza eskaintzen dizkiete gazteei.
Gazteen %4,5 baino ez dago emantzipatuta 25 urte bete aurretik Euskal Autonomi Erkidegoan
Eusko Jaurlaritzak, esaterako, martxan dauzka hainbat laguntza programa. Emantzipa egitasmoaren bitartez, esaterako, hilean 300 euroko laguntzak ematen dizkiete emantzipazio prozesu bat hasi duten edo hasiko duten 25-29 urte bitartekoei. Gaztelagun deiturikoa da beste laguntza programetako bat. Honen kasuan, 18 eta 35 urte bitarteko gazteei alokairu errentaren ehuneko bat ordaintzen die hilero, betiere, bete beharreko baldintzak betetzen direnean.
Goierriren egoera
Goierriri dagokionez, Beasaingo Udalak pasa den martxoan jakinarazi zuen, aurten ere etxebizitzak alokatzeko diru-laguntzak eskainiko zizkiela herriko gazteei eta baita mugikortasun urria duten pertsonei oraingo deialdian. Udalaren esanetan, laguntza horien xedea eskaera egiten duten errentarien ohiko bizilekua den etxebizitzaren alokairuaren zati bat ordaintzen laguntzea da. Iazko urtera arte Legazpin ere eskaintzen zituzten diru-laguntzak, baina aurten jada ez da deialdirik sortu.
Beasaingo diru-laguntzen kasuan, eskaera bakoitzeko hilean 100 eta 250 euro emango dira, gehienez hamabi hilabeteko epealdi baterako. Horiek eskuratzeko baldintzetako batzuk dira hauek: 18 eta 35 urte bitartean izatea, eskatzailea Beasainen erroldatuta egotea gutxienez urtebeteko antzinatasunarekin etenik gabe, Beasaingo udalerriko etxebizitza libre bat izatea eta eskaera egiten duten pertsonaren ohiko eta etengabeko etxebizitza izatea gutxienez 12 hilabeteko iraupena duena. Horiez gain, eskatzailearen diru-sarrera da ere kontuan hartuko den beste baldintzetako bat.
Beasaingo Udalak hilean 100 eta 250 euro emango ditu eskaera bakoitzeko
Hain zuzen, faktore ugarik eragiten dute gazteen emantzipazio berantiarrean. Gaur egungo langabezia tasa %12,6koa bada ere, soldatak ez dira alokairuak ordaintzeko nahikoa eta gazteek ez dute beren kabuz bizitzera joateko aukerarik. Pasa den abenduan Beasaingo Ernai antolakundeak jakinarazi zuenez, EAEko 18 eta 34 urte artekoen batez besteko soldata 1.297 eurokoa da, duela hamar urtekoa baino 150 euro gutxiago. Urteko soldataren batez bestekoari dagokionez, 18 eta 24 urte bitartean 4.490 euro dira eta 25 eta 29 urte bitartean, berriz, 16.069 euro. Beasaingo alokairuei ere erreparatu zien eta batez besteko prezioa 675 euroan dago.